Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako binakako finala

Eskarmentua edo gaztetasuna, hori izango da gakoa

Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa gazteen aurka neurtuko dira bihar eguerdian Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Felix Etxeberria eta Donato Larretxea beteranoak.

Bihar jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12.00etan, Urrezko Aizkorako binakako finala. Bertan, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza gazteen aurka neurtuko dira Donato Larretxea eta Felix Etxeberria beteranoak. Horrenbestez, txapelketako bikoterik zaharrena gazteenaren aurka neurtuko da.

Orain arteko saioak irabazita iritsi dira bi bikoteak final handira. Eskarmentua freskotasunaren aurka neurtuko da, eta apustuetan pareko samar dabiltza. Asko dira gazteen aldeko joera agertzen dutenak, baina badira zaharren alde apustu egiten dutenak ere.

«Lan luzea izan balitz eta txanda librean, eskarmentua garrantzitsua izaten da, baina lan labur hauetan ez da horrela. Beraiek oso gazteak dira, sasoi betean daude, eta gu goitik behera gatoz. Lan labur hauetan errekuperazioa oso garrantzitsua izaten da, eta, alde horretatik, adinak zerikusi handia dauka», esan zuen Donato Larretxea nafarrak.

Gazteek, aldiz, gauzak alderantziz izan daitezkeela uste dute. «Ez gara orain Larretxea eta Etxeberria zeintzuk diren esaten hasiko. Eskarmentu handia dute, eta finaletan horrek garrantzi handia izaten du. Ugaitz eta nire adina batuta ere ez dugu Donatorena gainditzen. Beraien semeen adinekoak gara gu. Beraz, oraindik asko geratzen zaigu eurek egindako bidea egiteko», esan zuen Aitzol Atutxak.

Bizkaitarra Donato berarekin txapela irabazitakoa da, eta orain bere aurka irabazteak ilusioa egingo liokeela onartu zuen: «Egia esan, berarekin irabaztea ohore handi bat izan zen. Bera bezalako aizkolari handi bati irabazteak ere poz handia emango lidake».

Ikusmina ere handia da, izan ere, bi gazteak egun modan dauden bi aizkolari dira. Donatok, aldiz, oraindik maila handia emanez jarraitzen du, eta Etxeberriak orain dela aste gutxi jokatu zuen apustua, Donatoren semea lagun zuela, Vicenteren eta Saralegiren aurka. Hura ez zuen irabazi, eta orain arantza atera nahiko du.

Lana

Lehen lana 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izango da. Bigarrena, berriz, tamaina bereko bi enbor erlojuz kontra ebakitzea. Hirugarrena, kana-erdiko bat zutik ebakitzea. Laugarrena, bi kana-erdiko ebakitzea. Bosgarrena, aldiz, 45 ontzako bat zutik jarrita moztea, eta, jarraian, kana-erdiko bat etzanda jarrita. Azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko dituzte, baina lan hori txanda librean egin beharko dute.

Askoren ustez azken lan horretan erabaki daiteke apustua, baina garbi dago huts txiki bat egiteko tarterik ere ez dagoela.

Gaztetxoek ere Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izango dute euren txapela jokoan

Gaztetxoek ere euren finala izango dute jokoan gaurkoan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan bertan jokatuko baita finala. Alde batetik Etxeberria II.a eta Kañamares IV.a arituko dira, eta, bestetik, berriz, Larrea III.a eta Zelai III.a.

Nafarroaren eta Bizkaiaren arteko dema izango da ikusgai. Ez da berri txarra Bizkaian gazteak ikustea, nahiz eta Larrea azken urte hauetan plazetan ohikoa bihurtu den jada. Zelai, berriz, berri-berria da.

Bikote bakoitzak bi lan ezberdin egin beharko ditu, eta bietako denborak batu eta onenak dituenak eramango du garaipena. Aizkolari nafarrak dira faboritoak. J.L.