IKUSMIRA
IKUSMIRA

Kalea eurena dela esan zuten eta sinetsi egiten dute

Emakume batek, edo gizon batek, Madrilgo kale nagusi batean, arratsaldeko lauretan, autoa autobus-bidean utzi eta hiriko poliziek dokumentazioa eskatu eta isuna ezartzen diotenean ihesari eman eta polizien moto bat aurretik eramango balu, areago poliziak, haren atzetik joanda, gelditzeko keinuak egin eta bera jaramonik egin gabe etxeko garajean sartuko balitz, beharbada arazoa ez luke isun bat ordainduta konponduko. Horixe gertatu zen herenegun Madrilgo Gran Via kalean, baina istiluaren eragilea ez zen edozein emakume edo gizon, autonomia erkidego hartako presidente ohia baizik. Gertakari barregarria izan zen, baina adierazten duena ez da barre egiteko modukoa. Esperanza Aguirre andreak kalea berea balitz bezala jokatzen du, sinetsita baitago hala dela. Berak eta botereguneetan errotuta dauden horiek legea izaten dute hizpide edozer argudiatu edo zuritzeko, baina eurak legearen eraginetik kanpo daudela sinesten dute. Guztiz barneratuta daukate uste hori, mentalitate kontua da, zeinaren arabera legeak betetzea jende «arruntari» dagokion, eurak ez baitira jende arrunta. Besteek nola portatu behar duten azaltzen dute, baina eurak legeen gainetik dauden uste osoa dute. Eta, zoritxarrez, eskuarki hala izaten da. Lezio ederra eman dute Aguirre andreak eta bere alderdiak -haren jokaeraren alde agertuta- Poliziarentzat eskatu berri duten errespetuaz.