Jon LEUNDA
Aizkora Desafioa

Azurmendi ere apustu bat jokatzeko gogoz agertu da

Olasagastiren eta Irazuren arteko neurketako irabazlearen aurka aritu nahi du.

Apustu hotsak agertu dira berriro ere, eta oraingoan Iñaki Azurmendi izan da desafioa bota duena. Hil honen 27an, Tolosan neurtuko dira Olasagasti eta Irazu, eta apustu horretako irabazlearen aurka jokatu nahiko luke Arriarangoak.

Apustu horretako lan berdinera jokatu nahi du Azurmendik, eta enborrak erdibana eramanda. Udazken aldean lehiatu nahiko luke. Bera maiatzaren 2an Tolosako Kantabriko tabernan egongo omen da Olasagastiren eta Irazuren arteko apustuko irabazlearen zain.

Bestetik, gaur Buruz Buruko Urrezko Aizkorako hirugarren jardunaldia jokatuko da Etxebarriko probalekuan, 20.00etan. Aurreko bi jardunaldietan bezalaxe, gaur ere hamabi aizkolari lehiatuko dira, eta amaieran bik lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Lana ere aurreko bietako bera izango da; izan ere, enbor bat zeinek azkarrago moztu arituko dira, elkar kanporatuz, eta azkeneko bi onenek egin ahal izango dute hurrengo saiorako bidea.

Gaur lehian arituko diren hamabi aizkolariak, honako hauek izango dira: Rodriguez II.a, Larrea III.a, Eneko Otaño, Alberdi, Zaldua, Mugertza III.a, Larrañaga, Zubiaga, Jauregi, Senosiain II.a, Kañamares III.a eta Irazabal. Azken hau Pallejeroren ordez lehiatuko da, Aresokoak min hartu baitzuen.

Izen garrantzitsu asko agertzen dira hemen, eta edozeinek egin dezake aurrera, lan labur hauetan deskuidu txiki bat edo enbor txar bat nahikoak baitira kanpoan geratzeko. Agian, Larrañaga eta Kañamares III.a izan daitezke zaleen iritzian bi faborito nagusiak, baina gainerako beste edozein sailkatuko balitz ere, ez litzateke ezuste handia izango, denek baitute aurrera egiteko adinako maila.