Bakarkako jarduera alpino gogorrek loraldia bizi ote dute?
Pasa den otsailean, Hansjorg Auer austriarrak neguko zeharkaldia sinatu zuen Stubaiko Alpeetan. Gamskogel eta Wilde Leck gailurrak lotzen dituen 10 kilometroko ertza egiteko 40 ordu behar izan zituen.

Izenburuan eginiko galdera erantzutea ez da batere zaila, batez ere kontuan hartzen baditugu azkenaldiotan jasotako izaera horretako jarduerak. Duela gutxi Dodo Kopold eslovakiarrak Tatra mendietan eginiko neguko zeharkaldia orriotara ekarri genizuen; orain, berriz, Hansjorg Auer austriarrak lortutako beste zeharkaldi baten berri emango dizuegu.
Biak ala biak goi mailako alpinistak dira, eta horretaz gain, bakarkako eskaladetan espezialista bikainak dira. Kopoldek etxeko mendietan jardun zuen, eta Auerrek ere etxe ondoan dituen Stubaiko Alpeak aukeratu ditu neguko zeharkaldi bat poltsikoratzeko.
Austriarrak Gamskogel (2.813 m) eta Wilde Leck (3.361 m) lotzen dituen 10 kilometroko ertza egiteko, 40 orduko lan eskerga behar izan zuen. Eta lan gogorra esaten dugu, Kopoldek bezala, Auerrek ere aitortu duelako muturreko egoera bizi izan zuela. Bai, etxe ondoan dituen mendiak oso xumeak dira, bai; alabaina, asko sufritu zuen: «Jarduera arrakastatsua izan dela esaten badut agian esajeratuegia irudi daiteke. Baina, ez, xede honek muturrera eraman nau, eta behin baino gehiagotan bertan behera uzteko zorian izan nintzen. Azken unera arte oso kontzentratuta joan nintzen; ia-ia arnasa lasai hartzeko betarik ez nuen izan».
Amets bat
Aurreratu dugun bezala, alpinista austriarrak 40 orduko lana bete behar izan zuen Stubaiko Alpeetan dagoen hamar kilometroko ertz hori sinatu ahal izateko. Bakar-bakarrik egin zuen, inolako laguntzarik gabe, soilik Matthias anaia lagun izan zuen, behin jarduera amaituta etxerako bueltan.
Nahiz eta ezohiko jarduera izan, aipatu behar dugu ertz horren lehen errepikapena izan dela. Gamskogel eta Wilde Leck tontorrak neguan lotzen lehena Reinhard Schiestl izan zen; baina hori, 80ko hamarkadan izan zen.
Auerrek aitortu du ertz hori neguan lotzeko asmoa buruan zuela: «Jarduera horrekin beti amets egin dut, baina une aproposena bilatu behar nuen. Eskuarki, neure buruan makina bat xede izaten dut, eta barruko ahots bat izaten da aukeratzen duena. Jakin badakit, egin dudan zeharkaldia etxe ondoan dagoela eta mendi horiek ez direla gogorrak. Baina lasai asko aitor dezaket zeharkaldi hori luzea eta zailtasunean iraunkorra dela. UIAA eskalan 4 . maila du».
Neguko zeharkaldi hori otsailaren 12an hasi eta biharamunean bukatu zuen. 40 ordu guztira, eta mendien zein eguraldiaren baldintzek ez zioten lagundu: «Motibazio handiarekin hasi nuen, besteak beste, gailur horiek ondo baino hobeto ezagutzen ditudalako. Hala ere, oso zuhur jardun nuen, baldintza nahiko gogorrekin egin nuelako topo. Azken mendia jaisteko, adibidez, haizeteekin komeriak pasa nituen. Gainera, isurialde guztia izotzarekin tapa-tapa eginda zegoen. Eta soilik 60 metroko soka neraman».

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
