Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Larrañagak, Jauregik eta Zubiagak aurrera egin dute

Hamabi aizkolari aritu ziren Etxebarrin, enbor bat zeinek azkarrago moztu, eta azkenean Gipuzkoak ordezkari bat sartu zuen, eta Arabak, berriz, bi.

Jauregi, Larrañaga eta Zubiaga sailkatu ziren herenegun Etxebarrian, Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan aritzeko. Azkenean hiru izan ziren aurrera egin zutenak eta hamabi, berriz, lanean aritu zirenak.

Lehenengo, lau multzotan banatuta lehiatu ziren, bakoitzean hiru aizkolari zirela. Enbor bat moztera lehiatu ziren, eta bakoitzeko azken sailkatua geratu zen kanporatua. A multzoan Aritz Irazabal izan zen nagusi, Zalduaren eta Senosiain II.aren aurretik. B multzoan, berriz, Mugertza III.a izan zen onena, eta atzetik sailkatu ziren Jauregi eta Eneko Otaño.

C multzoan, Larrañaga izan zen nagusi. Bigarren Larrea III.a sailkatu zen, eta Kañamares III.a, berriz, azkena. D multzoan beste hiru aizkolari neurtu ziren, eta han Zubiaga gailendu zen, Rodriguez II.aren eta Alberdiren aurretik.

Final-laurdenetan, berriz, Jauregi, Mugertza III.a, Larrañaga eta Zubiaga izan ziren finalerdietara sailkatu ziren lau aizkolariak. Ondoren, beste bi kanporaketa jokatu ziren, eta horietan, berriz, Larrañaga, Jauregi eta Zubiaga izan ziren aurrera egin zuten aizkolariak.

Kanporaketa honetan izen garrantzitsu asko batu ziren. Maila oso onean dabiltza aizkolari gazteak, baina lan labur hauetan edozer gerta daiteke, eta batzuk lehen fasea gainditzerik ere ez zuten lortu.

Etxebarrin aritu ziren aizkolari asko 23 urtetik beherakoak ziren, eta horiek laster euren mailako lehiaketari ekin beharko diote. Maila hori ere ikusgarria eta polita gertatu da.