Salbuespen bat
Azken bi urteetan asko dira beren babesle nagusiak galdu dituzten goi mailako surflariak. Horren harira makina bat eztabaida sortzen ari da sare sozialetan, baina lehiakide horiek egiten ari diren esfortzua kontuan hartu beharrean, gehienak txorakeriak esatera mugatzen dira.
Eztabaida gehienak ez dira eztabaidak eta jendeak ematen dituen iritziak iritziak baino epai moralak dira. Inork gutxik hartzen du kontuan goi mailako lehiakide izatea zein gogorra den. Gehienek beren bekaizkeria ezkutatzeko besteen jarduna epaitzen dute.
Goi mailako kirolariez nahi dena esan daiteke antza, eta ongi doazenean bikain, baina bestela, egurra emateko eskubidea duela uste du ordenagailu baten atzean ezkutatzen den oilobustiak. Horri egun «eztabaida» deitzen zaio. Norbaitek beste bat ezagutu gabe nahi duena esan, iraindu, eta epai moralak egiteari, berriz, «sare sozialetan aritzea» deitzen zaio. Aurrekoari entzun gabe eta haren esana estaltzeko txilioka hitz egiteari, berriz, telebistan behintzat, «debatea» deitzen diote.
Egoera honek Andy Ironsekin gertatutakoa ekartzen dit gogora. Andy 2010eko azaroaren agertu zen hilda, bertan behera utzi zuen Puerto Ricoko txapelketatik ihesi Dallaseko hotel batean babes hartu ostean. Autopsiaren emaitzen arabera, hiru bider munduko surf txapeldun izandakoa droga gaindosiagatik hil zen. Droga-mendekotasuna zuela edo parrandazale iaioa zela esaten da, baina Andy, egiaz, txapelketa-espektakulu eredu zurrun baten biktima izan zen.
Lau urte lehenago, 2008an, jada oso momentu txarrak pasa zituen Ironsek. Urte horretan bertan, esaterako, ongi ez zegoenez Mundakako txapelketan parte ez hartzea erabaki zuen, eta elkarrizketa batean pasatzen ari zen infernuaren berri ere eman zuen. Beste gauza askoren artean, honakoa esan zuen: «Ikaragarria da jendea zurekin zein krudela izan daitekeen ikustea. Lehen eta orain, berbera naiz, baina irabazten nuenean inork ez zuen deus esaten. Orain nahi duenak nahi duena esaten du, denentzat dute erantzuna. Zuetako inork inoiz pentsatu al du zein gogorra den etengabe bidaian aritzea eta beti irabazteko jarrera eduki beharra?»
Urte horretan bertan Hossegorreko txapelketan Andy eta Bruce Irons anaiak gaupasa eginda agertu ziren, ikusleek eta beren jarraitzaile sutsuek irribarre urduri edo harridura aurpegiarekin hartu zituzten hondartzan. Ez zekiten zer egin, barre edo negar. Ez zekiten sentitzen zuten hura zer zen, poza edo auzo-lotsa. Baina gehienek ondorio okerrak atera eta epaitzeari ekin zioten.
Ni ez naiz inor inor epaitzeko. Ez dut uste horretarako inork zilegitasunik duenik. Ez dut pertsona famatu bat horrela, «gratis», larrutuko, nahiz eta gustuko ez izan. Hori bai, besteak larrutzera mugatzen diren gizarajo horien izen eta abizenak argitaratu behar direla uste dut. Salaketa, ekintza gisa, duina izan daitekeen kasu bakana izango baita.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
