Amalur Artola
LITERATURIA

Literaturaz blai, baina ito gabe

Zerura begira esnatu zen atzo Literaturia, baina ez inspirazio bila. Aurreikusten zen egunak aterrune gutxi eskainiko zituela Zarautzen eta halaxe izan zen. Horrek ez zuen, ordea, letren jaialdia zapuztu: liburu aurkezpenek, solasaldiek, inprobisazio saio dibertigarriek eta beste hamaika ekimenek ahantzarazi ziguten, aterpean ginenoi behintzat, eguraldi umela. Azokan, ez zen itotzeko moduko jende uholderik izan.

Literatura azokak ateak ireki aurreko azken minutuak ere erabili zituzten argitaletxeek Zigordia kaleko euren postuak atontzeko. Gora begira guztiak, eguna umeletik joango zela eta horrek bisitarien joan-etorrian eragingo zuela aurreikusiz. Ezin esan horiek ere goiztiar ibili zirenik: eguerdi aldera arte zaletu gutxi eta kuxkuxeroren bat edo beste besterik ez zebilen postuetan.

Autoreekin aurrez aurreko harremanaren bila zebiltzanak Musika plazan zuten zita. «4 liburu, 4 idazle, 11 irakurle» ekimena zuen deitua 111 Akademiak, eta, hasieran irakurle gutxitxo bilduko zirela zirudien arren, azkenerako bildu zen taldetxo majo bana (hamar bat pertsona) protagonista papera hartu zuten lau autore eta euren obren bueltan: Ana Jaka eta «Ez zen diruagatik», Iñigo Aranbarri eta «Apirila», Iñigo Errasti (itzultzailea) eta «Frankenstein», eta Ana Malagon eta «Lasai, ez da ezer gertatzen». Azken horren taldea izan zen «irakurle talde» formatua izan zuen tertuliarako aterpea hartzen azkena.

Ez zen bakarrik etorri Malagon. Tertulia gidatzen Malagonen lehen lana den honetako hitzaurrea egin duen Iban Zaldua ere aritu zen, eta bertan zen editore lanak egin dizkion Xabier Mendiguren bera ere. Txiki-Polit tabernan, azken horrek egin zion konpainia idazle donostiarrari Zalduak autorea aurkeztu eta irakurleak iritziak partekatzera gonbidatzen zituen artean.

Donostiarra da Malagon. Kazetaria. Kirol kazetari gisa jardun ostean bere enpresa sortu zuena. Sare sozialetan bizi aritzen den horietakoa. «Urruzuno belaunaldikoa». Isilune literario baten ostean aurkeztu du bere lehen obra; bi urte eta erdian sarean argitaratutako mikroipuinek elikatu duten «Lasai, ez da ezer gertatzen». «162 pieza dira eta mikroipuinen generora lotzen da estuki, orrialde batetik gorako piezarik ez baitago. Hala ere, ez du kaos sentsaziorik sortzen: badu nolabaiteko homogeneotasuna eta irakurlea ez da galtzen», eman zuen iritzia Zalduak berak. Hitzaurrea berak egin duenez, «ipuin guztiak gustatu ez arren agerikoa da gustuko dudan liburua dela» aitortu zuen, eta irakurleei eman zien hitza. Batzuek generoan jarri zuten begia eta mikroipuinak «mikroegi» egiten zitzaizkiela agertu zuten, besteek piezak argazkiekin alderatu eta «irakurri orduko eszena irudikatzen duzu» baieztatu zuten, eta hirugarren batek ustekabeko amaieren egokitasuna goraipatu zuen. Malagonen estiloa definitzeko zorrotza, gordina eta ironikoa gisako adjektiboak erabili zituzten eta epaia aho batez eman zuten: «Gustatu zaigu».

Hala eman zioten sarrera Malagoni. Bere lehen «irakurle kluba» zen honetan barre urduria erakutsi zuen mahai gainean Urruzuno lehiaketako liburuxkak -saritu zuteneko urteetakoak- ikusi zituenean, eta zintzotasun eta ziurtasunez erantzun zituen irakurleen galderak. Liburuaren sorreraz, literaturan zenbaitetan egiten den sentimenduen exhibizionismoaz, Interneten dabiltzanen mundu paralelo hertsiaz eta haurtzaroaren idealizazioaz aritu ziren hizketan, irakurleek horrenbeste eskertzen duten gertuko giro horretan.

«Inpromatxa» Putzuzulon

Liburu aurkezpenak bata bestearen segidan eman ziren Garoa liburu dendan zein Zigordiako azoka gunean (bitxikeria bat: Zalduak gidatu zuen Malagonen liburuaren tertulia, eta Malagonek aurkeztu zuen Zalduaren liburua, «Inon ez, inoiz ez»), eta, bien bitartean, Putzuzulon antzerkiak eman zion forma literaturari Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (EHAZE) «Inpromatxa» saioari esker.

Kalitateak kantitateak baino gehiago balio duela argi geratu zen gaztetxean ere. Baita ondo pasatzeko gauza askoren beharrik ez dela: lau aktore eta bat-batean sortu behar zuten antzezpenerako gaia emango zien gidaria nahikoak izan ziren bildutakoei barre sorta ederra ateratzeko. Gaia eman eta 30 segundo zituzten antzezleek bi minutuko antzezlanaren oinarriak finkatzeko. Hala saldu ziguten, abestuz, ilea hazteko «produktu miragarria», krisiak behartuta «Goenkale»-n gidoilari hasi zen Bernardo Atxaga ikusi genuen Hego Amerikako aktore batek euskaraz esaldi bakar bat esan zezan bereak eta bi egiten, PPko txosnan garagardoa amaitu zela-eta harritutako bi txosnalariren burutazioak aditu genituen, eta itsusia zela-eta Zarauzko malekoia apurtzea erabaki zuten lau olaturen hizketaldia entzuteko aukera ere izan zen. Txaloak eta barreak nagusi izan ziren, eta, amaieran zehaztu zutenez, «publikoaren artean arrakasta izaten ari den formatu honekin» jarraitzeko asmoa dute.

Bazkalosteak aterruneen zabaltzea ekarri zuen, baita literaturaz bustitzeko aukera gehiago ere. Zigordia kalea Zarauzko idazleen irakurraldiak hartu zuen, Sortaldean Iñaki Zubeldiaren haurrentzako ipuinak izan ziren jaun eta jabe, Marina Txikira hurbildu zirenek Xabier Montoiaren «mundu miresgarria» aurkitu zuten aurrez aurre, eta, gaua sartuta, «Gabrielen lekua» sentikaria eman zuten Modelon.

Gaur ere bada aukerarik

Atzokoak eman zuen berea, eta gaurkoak ere izango du berea. Modelo antzokian, 11.00etan hasita hainbat liburu aurkeztuko dira (Juan Ramon Makusoren «Hitzak argi», Iñigo Roqueren «Post-it bizitzak», Josetxo Azkonaren «Galdeak eta baleak», Unai Baztarrikaren «Ezinbestean» eta Asier Serranoren «Abisalia»), 13.30etan Marina Txikin «Hodeien adorea» eskainiko dute Yoseba Peña, Iñigo Mantzisidor Mantxi eta Felix Zubiak, eta bazkalostean Sortaldea izango da ekitaldien muina: Gilkitxaro antzerki taldeak «Urak ttiki dire» antzeztuko du 17.30ean, eta, ordu bete geroago, 18.30ean, poesia errezitaldi kolektiboarekin emango zaio amaiera aurtengo Literaturiari.