Andoni ARABAOLAZA
Boulderra Jarduera azpimarragarriak

Muturreko blokeak irizpide ezberdinekin

Nalle Hukkataival-ek «Bugeleisen sit start» askatu du, 8c+ gradua izan lezakeena. Sachi Amma-k, berriz, 8c eta 8b+/c korapilo bana sinatu du egun berean. Markel Mendietak beste 8b+ bat egin berri du.

Blokeko espezialista sasoikoenek ez dute arnasa hartzeko betarik beren jardunetan. Azken bolada honetan, horietako batzuk berri adierazgarriak eskaini dituzte. Den-denak, bederen, muturreko zailtasunekoak; baina, hori bai, irizpide ezberdinekin eginak.

Nalle Hukkataival finlandiarrak, adibidez, Austriako Maltatal alderdian dagoen «Bugeleisen sit start» korapiloa askatu du. Beste era batera esanda, Klem Loskot-ek sortu zuen «Bugeleisen» blokea, baina eserita hasita. Loskotek poltsikora eraman zuenean, hau adierazi zuen: «Inoiz egin dudan blokerik gogorrena izan da». Espezialista handi honek ez zion gradurik jarri, baina probatu zutenek baieztatu zuten gutxienez 8b+ zela. Proposamen horren errepikatzaileetariko batentzat, Rok Klancnikentzat, adibidez, 8c da.

Behin «Bugeleisen» askatuta eta hainbat aldiz errepikatuta, nazioarteko blokezale indartsuenak korapilo hori eserita hasiz probatzen hasi ziren. Eta, aipatu dugun bezala, hori lortzen lehena Hukkataival izan da. Duela pare bat urte, finlandiarrak zutik hasita probatu zuen: «Oso gogor borrokatu ondoren, iazko apirilean igo nuen. Baina neure helburu nagusia eserita hasita lortzea zen. Maiatzaren lehenarekin xedea biribildu dut. Erronka horren atzetik azken 13 urteotan makina bat eskalatzaile izan dira, eta, behin poltsikoratuta, esan dezaket ia ezin dudala sinetsi. Bloke hau eserita hasita munduko bloke gogorrenetarikoa izan daiteke».

Beraz, Hukkataival ez da oraingoz zailtasunari dagokionez «busti». Soilik gogoratu behar dugu «Gioia» errepikatu duela; Adam Ondraren ustez 8c+ graduko blokea.

Japoniarra gogor

Sachi Ammak lortutakoa ere azpimarragarria da. Nahiz eta kirol eskaladan espezialista den eta Eskaladako Munduko Kopa bi aldiz irabazi duen, argi utzi du boulderrean ere ondo baino hobeto estutzen duela. Pasa den maiatzaren 13an, bere herrialdean, Japonian, Amma gai izan zen 8c eta 8b+/c zailtasuneko bide bana bloke egunean poltsikora eramateko: «Hydrangea» (8c) eta «Babel» (8b+/c). Bi bloke oso-oso luzeak: lehenak 25 mugimendu eta 14 metro ditu, eta bigarrenak 30 mugimendu eta 12 metro. Beste era batera esanda, blokeak baino zeharkaldiak dirudite. Iraupena eskatzen duten korapiloak dira, eta Ammak argi utzi du soberan duela.

Ia 8c

Amaitzeko, Markel Mendietak beste 8b+ bat sinatu berri du: «Ugarixua» (Araotz). Lehen igoera izan da: «Nire metodoarekin 8c iruditu zitzaidan, baina beste era batera egin dute eta ez dauka zailtasun hori, 8b+ baizik. Pena da, baina gozatu dut».