Jon LEUNDA
Sega | Nazioarteko erako Euskal Herriko Liga

Altzok eta Etxaburuak aginte osoz hasi dute sasoia

Zaldibiako segalari beteranoa gailendu zen gizonezkoetan, eta Alatznek irabazi zuen nesketan.

Altzok eta Etxaburuak, mutiletan eta nesketan, irabazi zuten herenegun Etxalekun jokatu zen nazioarteko erako Euskal Herriko Ligako lehen jardunaldia. Jendearen erantzun onarekin eman zitzaion hasiera, gainera, aurtengo denboraldiari.

Emakumezkoen mailan ez zen ezusterik izan, Alatzne Etxaburua baitzen irabazteko faboritoa, baina gizonezkoetan Altzok lan bikaina egin zuen, eta Igor Esnaolari aurre hartu zion.

Hamasei segalari lehiatu ziren gizonezkoetan, eta azkarrena Altzo izan zen. 3 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Zaldibiakoak, eta hamaika segundoren tartea kendu zion Igor Esnaolari. Legorretakoak lan ona egin zuen, baina aurreneko jardunaldian ezin izan zuen garaipenik lortu, nahiz eta oraindik liga irabazteko aukerak izango dituen, baina horretarako Altzoren aurretik ibili beharko du Legorretakoak.

Hirugarren postua oso garesti egon zen, oso segundo gutxiren tartearekin bost segalari sartu baitziren. Juanmari Agirrezabalak lortu zuen hirugarren postu hori, eta bere lanak egiteko lau minutu eta 7 segundo behar izan zituen. Laugarren, Garaialde sailkatu zen hiru segundora, bosgarren Gabirondo geratu zen hamarrera, seigarren Irazustabarrena 15era, eta zazpigarren postuan Bixente Mitxelena sailkatu zen 22ra.

Emakumezkoetan, bost segalari lehiatu ziren, eta Alatzne Etxaburuak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Minutu bat eta 54 segundo behar izan zituen bere lanak burutzeko.

Bigarren posturako, berriz, borroka ikusgarria izan zen, hiru segalari oso tarte txikian sartu baitziren. Imazek lortu zuen bigarren postua, eta bereak egiteko bi minutu eta 12 segundo behar izan zituen. Lau segundo gehiago behar izan zituen Aloña Galarragak eta sei gehiago Ainhoa Galarragak. Azken postuan sailkatu zen Ixabel Antsa, eta nafarrak hiru minutu eta 2 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko.

Beraz, faboritoa hasieratik hasi da gauzak bere lekuan jartzen, eta datozen jardunaldietan ere faboritoa izango da, nahiz eta atzetik datozenak ere ez diren oso aparte geratu, eta haiek ere saiatuko dira Alatzne Etxaburua menderatzen.

Gaztetxoen mailan ere jokatu zen saioa, eta Unai Mitxelena, Bixente Mitxelena segalari ezagunaren semea, izan zen onena. Minutu bat eta 51 segundo behar izan zituen egin beharrekoak egiteko. Bi ziren, eta bere atzetik, berriz, Jon Otegi sailkatu zen, eta honek denbora gehiago behar izan zuen bere lana burutzeko, guztira bi minutu eta 24 segundo pasatu baitzituen lanean. Irabazteko lehen urratsa eman du Unai Mitxelenak.