J.L.
Sokatira | Lauko Txapelketa

Amaiurrek eta Basaburua-Imotzek eraman dituzte Nafarroako lehiaketako denboraldiko azken txapelak

Larunbatean jokatu zen Lesakan Nafarroako Lauko Txapelketako azkeneko jardunaldia, eta Amaiur eta Basaburua-Imotz izan ziren azkeneko txapelak eraman zituzten taldeak.

Mutilak 300 kilokoan lehiatu ziren, eta finala oso gogorra izan zen Amaiur A eta Beti Gazte B taldeen artean. Bi multzotan banatuta aritu ziren, eta hori amaitutakoan multzo ezberdinetakoak elkarren aurka aritu ziren. Bakoitzeko aurrenekoek lehen postua jokatu zuten, bigarren geratu zirenek hirugarren postua izan zuten jokoan, eta horrela azkenekoetaraino, haiek zazpigarren postua izan baitzuten lehian.

Lehen fase horretan ez zen ezusterik izan, eta aurrenekoan bezalaxe, Amaiur A eta Beti Gazte B gailendu ziren, eta eurek jokatu behar izan zuten finala. Sekulako tiraldiak egin zituzten aipaturiko bi taldeek, batez ere aurrenekoa izan zen oso gogorra. Bost minututik gorakoa izan zen lehen tiraldi hori, eta biak iritsi ziren amaierara bina faltekin, eta azkenean Lesakakoek egin zuten hirugarrena, eta garaipena Amaiurrek eraman zuen. Bigarren tiraldia ere Amaiurrek lortu zuen, baita horrekin txapela eskuratu ere.

Hirugaren posturako deman, Berriozarrek lortu zuen garaipena Basaburua-Imotzen aurka, eta horrekin podiumean sartu zen. Bosgarren postua erabakitzeko saioan, berriz, Beti Gazte A taldeak Txantreari irabazi zion, bosgarren postua eskuratuz. Azkena ez geratzeko deman, berriz, Amaiur B eta Kaskailueta lehiatu ziren, eta azken talde honek lortu zuen garaipena.

Emakumezkoetan ez zen ezusterik izan. 245 kiloko mailan lehiatu ziren, eta aurreneko saioan, bezalaxe, Basaburua-Imotzek lortu zuen garaipena, eta eurentzat izan zen txapela. Berriozar, Txantrea eta Amaiur sailkatu ziren beraien atzetik.

Etorkizuna gazteengan dago, eta hori bultzatzeko kadete mailako txapelketa ere jokatu da, eta hor Ultzama izan zen onena, aurreko lau jardunaldietan bezalaxe, eta txapela ere eurentzat izan da. Beraien atzetik, Berriozar, Txantrea eta Amaiur taldeak sailkatu ziren.