Aritz MALDONADO
Entrevue
LEIRE IRUIN
BERGARAKO KULTURA ZINEGOTZIA

«Jai batzordean ahalik eta jende kopuru handiena inplikatzen saiatzen gara»

Kartel lehiaketa, jai batzordean parte hartzeko deialdi irekiak... azken urteetan neurriak hartzen ari da Bergarako Udala Pentekoste jaiak ahal bezainbat herrikoienak izateko; Leire Iruin kultura zinegotziaren ustetan, herritarren ekarpenek jaiak aberastu egiten dituzte.

Aspaldian jaiak herrikoiagoak izateko neurriak hartzen zabiltzate, ezta?

Jaiak antolatzerakoan herriko elkarteak gonbidatzen ditugu, San Joxepe jubilatuen elkartetik hasi eta ikastetxeetako guraso elkarte zein herri mugimendukoetara. Guztiak jai batzordean inplikatzen saiatzen gara. Urte askoan lanean aritu den taldetxo bat dago, orain jubilatu dena, eta gazte jendea inplikatze dadin ahalegintzen ari gara. Emaitzak izan ditugu, baina jende gehiago behar dugu. Jaiak guztionak dira eta, beraz, batzordean ahalik eta jende gehiena inplikatzea nahi dugu. Ezinezkoa da guztion gustuko jai batzuk egitea, baina guztientzako modukoak egiten saiatzen gara.

Ze nabarmenduko zenuke aurtengo egitarautik?

Hiru nobedade nagusi daude: alde batetik, Kataluniako herri batekin egin den erraldoien trukea. Bestalde, larunbateko (atzo) Iparraldea Bergaran ekimena. Nobedade nagusia, baina, gaur ospatuko dugun Gure Esku Dago eguna da. Igandean ez da ezer egoten Pentekoste jaietan, baina aurten egun handia izango da Bergaran. Bergarako GED taldekoak jai batzordera etorri dira. Euskal Herri mailako ekimena izateak berezitasuna ematen dio.

Bestalde, ordu erdian agortu dira herri bazkarirako txartel guztiak, ezta? Zerk egiten du hain erakargarri?

Pasada bat da, 18:00etan jarri ziren salgai, eta 11:00etan jendea zain zegoen! 700 sarrera jarri ziren salgai. Plazan jende gehiago sartzen da, baina eguraldi txarra eginez gero kiroldegietara joan behar izaten dugu eta horrek markatzen du topea. Txartelik gabe geratzen direnak haserretu egin dira, baina horrela izan behar du. Azken urteetan aldaketa garrantzitsu bat egon da hor. Lehen, astearteetan izaten zen bazkaria, eta bezperako parranda zela-eta, jendeak ez zuen ohiturarik joateko. Hausnartu ostean, astelehenera pasatzea erabaki zen. Eguneko giroa indartu da horrela, eta bistan da arrakasta duela. Astelehena da jaietako egun herrikoiena, eta gogotsu hartzen du jendeak. Hor dago arrakastaren funtsa.

Azken urteetan Pentekoste jaietako aurrekontua murriztu da krisi ekonomikoa dela-eta. Aurten ere bai?

Aurten ere bai. Kultura eta jaietako diru partidak ditugu eta lehendabizikoa ez dugu ukitu nahi izan; herriko taldeentzako laguntzak mantendu egin ditugu, eta urtean zehar kultura kontsumitzeko egiten ditugun ekimenak ere mantendu nahi ditugu. Ondorioz, Pentekoste jaietako partidatik 10.000 euro gehiago kendu ditugu. Hala ere, 95.000 euroko aurrekontua dugu. Egitaraua osatzeko, kontu batzuk kendu behar izan dira, baina oraindik ere eskaintza zabala da.

Programako azken orrian ekitaldien kostua publikatzen jarraitzen duzue?

Bai. Aurreko legealditik dator, eta guk berdin jarraitzen dugu, gardentasunak merezi du eta. Dirua zertara doan jakiteko egiten dugu, eta jendeak begiratzen duen gauza da. Gonbidatzen dut, bide batez, jendea batzorde irekietara etortzera, iritzia ematera.

Zer da jaietatik gehien gustatzen zaizuna?

Asteleheneko Kuadrilla Eguneko egun osoko plana. Beti saiatu naiz bertan izaten, eta lanagatik-eta izan ez denean, han egon naiz. Bestela, arratsaldean heldu eta juntatu izan naiz. Gainera, orain, astelehenerako gehiena pasatuta egoten da, urduritasun handiena kendua dut eta gehiago disfruta dezaket. Gogo handiagoarekin hartzen dut astelehena.

Asko aldatu da Pentekosteak ospatzeko modua zure kasuan?

Bai. Beste ardura batekin bizi ditut jaiak, baina onartua dut. Astelehena heltzen denean ahaztu, eta egunaz gozatzen dut, baina!

Jaietarako mezurik bergararrentzat?

Alde batetik, eskerrak ematea jaiak antolatzen lagundu gaituzten guztiei, Gure Esku Dago ekimenari, herri mugimendukoei. Lan handia egiten dute txosnetako egitaraua antolatzen. Baita indibidualki laguntzen duten guztiei ere. Eta ondo-ondo pasatzeko eta disfrutatzeko!