Paperezko hegazkinak
Badaramatzat bi gau, balkoitik behera, bata bestearen atzetik, paperezko hegazkinak aireratzen. Letra handiekin idazten dut hartzaileen izena, kaligrafia txukun askoan igorri nahi dudan mezua eta nire ahotsarekin abiada hartuko dutela sinistuta, minkideak erakutsi zidan legez, «ongi egizue bidea! Eta ez berandutu, mesedez!» erregutzen diet. Nire paperezko hegazkinak hontz ala mozoloren batek mokoan hartu eta behar den helbidera, behar duen denboran iristen lagunduko dutela imajinatzen dut. Eta gauminean, loak ezin hartuta, burua belaunetan sartu eta kukututa, izarren pean hegan jarraitzen dutela amesten dut. Ametsaren ildoan, ametsez kargaturik, nire mezulari noragabeak barrote, txarrantxa eta zaindaririk gabeko erreinuetaraino ailegatzen direla.
Badaramatzat bi gau paperezko hegazkinak aireratzen, eta gaur, zure erantzun idatzia eskuratu dut. Ametsak oparo eta balekoak izateko errealitatean gauzatzearen etsamina pasatu behar dutela diostazu. Politika hankak lurrean izanda egiten dela, marxistek ez dutela amets egiten, eta ameskeriak egiten duela independentzia kimera, etorkizuneko fantasia, herri bezala amets horretatik esnatzea baino beste perspektibarik gabe uzten gaituela. Zorrotz ikusi zaitut, politikaren lege absolutu eginda, amets gutxiago eta errealismo gehiago aldarrikatuz.
Gaur gauean paperezko hegazkinak aireratuko ditut berriz eta, seguru, preso zaituzten paraje horietaraino iritsiko dela nire erantzuna. Bertan, aurreratzen dizut, Makarenkoren «Poema Pedagogikoan» leitu nuen aipua doakizu: «Amets egitea ez da boltxebikeen gauza bat(...)/ Hilabete barru lursail hori gurea izango da. Boltxebikeen gauza izango ote da hori?». Bai eta, Leninek, ustez hain pragmatikoa zenak, «Zer egin?» bere liburuan galdera pausatzean eman zuen erantzuna: «Amestu!».
Rosa Luxenburgo, Nelson Mandela, Salvador Allende, Ho Chi Minh edo Uruguaiko Jose Mugica... horiek bai ameslariak! Eva Forestek zioen bezala, maila humanoan bizitzeko amestu egin behar delako. Eta orain eta hemen, lagun, politikoki aurrera egiteko, asmamena zorroztu, etorkizuneko errealitatea imajinatu eta amestu, sano eta urruti amestu behar delako.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
