ANARTZ BILBAO
Udate | Azkena Rock jaialdia

Rock musika, haur jolasa

Aurten, Scorpions-en baimenarekin, Violent Femmes eta, batez ere, Blondie-k dute karteleko erakargarritasun nagusia. Baina Gasteizko gitarren jaialdiak beti jakin izan du eskarmentu handiko izarrekin batera grinatsu datorren odol berriari tokia egin eta bidea ematen. Aurten, The Strypes laukoteari. Ostiralean zortzi urteko Gus Tritsch slide eta arrabita jotzaileak txunditu gintuen (Marah taldearekin jo zuen), eta adin txikikoa den irlandar taldeak piztu zuen zapatuan festa. Arnasarik hartzeko betarik gabe eta jarreraz lepo, errenkadan bota dituzte «Snapshot»-eko pilula bizigarriak, bikain. Umeen jolasa da rock-and-rolla!

The Strypes-en aurretik ere, atzo (etzi hobeto) Blondie-k «Parallel Lines» lanarekin deitu zuen arreta -taldearen hirugarren lana, 1978an argitaratua-, eta Violent Femmes-ek 1982ko debut homonimoarekin, guztiak ere gazte-gazteak zirela; a zer nolako maisulanak.

Jatorriz hirukote zen Violent Femmes-ek ilundu aurretik zapaldu zuen oholtza nagusia, agertokira gutxienez laukotean eta gehienez zortzikotean agertuta. Abiatu eta segituan «Kiss Off»-ekin ginen dantzan. Gordon Ganoren ahots eta gitarrak Brian Ritchie du laguntzaile fidel; baxu akustiko, xilofono eta bestetan -oso betaurreko ikusgarriak daramatza, gorri-gorriak, lepokoa bezala-, eta De Lorenzo jatorrizko bateria jotzailearen partez, Brian Viglione dute alboan, zutik jotzen -salaketak eta desadostasunak izan berri dituzte taldekideek-. Kaxoia jotzen duen morroi batek perkusio lanak indartzen ditu, eta metalek (tronpeta eta saxoak) taldearen ikur den soinu akustikoa goxatzen dute, bukaerako «American Music»-en onerako. 2004an ere Azkenan jo zuen taldeak kanta zoragarriak ditu, baina tarteka otzanegiak begitandu zaizkigu, haginka egin beharko lukete.

Debbie Harry ere ez dago jada haginak estututa ibiltzeko moduan, ez ditu alferrik 68 urte. Baina Bilbao Live jaialdian orain hiru urte baino hobeto ikusi genuen, eroso, ahotsez fin eta gogotsu, dantzan eta musuak bota eta bota. Koadro txikidun soineko gorri eta beltz bat jantzita eta platino distirarekin, «gau berezia dugu, 40. urtemuga dugu oholtza gainean eta ospatzen gabiltza» esan zigun. Bihotz formako ispilu txiki bat zuen mikrofonotik zintzilik.

Chris Stein gitarrista kantariaren ondoan dela, ezohiko moduan hartu dute oholtza; bateria jotzailea ezkerretara erdigunea teklatu jotzaileari utzita, aurrean baxu jotzailea alde batera eta bi gitarristak elkarrekin bestean. Ez dio inporta, begirada guztiak zugan ditugu, Debbie!

Dantzaleku aproposa

Lehen atalean eta errenkadan «Call me» eta «Hanging on the telephone» jo dituzte, azkena ohi baino motelago, eta goia jo dute zer eta rockzaleak beti bazterrean utzi duen soinua erabilita, disko musikarena -kasu!, beste askok ere egin dute eta: Kiss, Black Keys, Franz Ferdinand...-. Izan ere, dantzalekurako ezin aproposagoak dira aurkeztu dizkiguten «Ghosts of Dowload» laneko kanta berriak, eta gorenera eraman dituen «Heart of Glass». Blondie saiatu zen soinu eta erritmoetan aberats agertzen, ukitu latino eta jamaikar eta guzti. Gauzak zer diren, antolakuntzak barkamen ohar bat plazaratu zuen taldearen soinu eskasagatik jaso zituzten kritikak zirela-eta -taldearen teknikarien kontuak omen-. Guri ez zitzaigun begitandu eskasa, dantzan egin genuen, gaitz erdi!

New Yorkeko izarren ondotik, derrepente ilundu zuen, eta gaiztotu, Wolfmother, Royal Thunder eta Kadavar hirukote pisutsuarekin. Neurri ezberdinetan osagarri berak dira hemen: blues rock eta stoner doinuak, psikodelia eta metal zipriztinekin. Andrew Stockdale-ren Wolfmother australiar taldea hirukotean dator taldekide berriekin, baina 2006ko Azkenan jo zuten zuzeneko berdintsuarekin. Orduan harritu gintuzten, oraingoan gogaitu. Nahiago izan dugu Kadavar germaniarra, ile eta bizar luzeko hirukotea hau ere, mantso eta hipnotikoagoak direla-eta. Goizeko hirurak baziren bukatu zutenerako.

Kartelburuen indarra eta egun bat galdu arren, jaialdi magikoa da beti Azkena, gordetzen dituen rock bizipenak bezainbeste. Ziurtatu berria duen hurrengo urtekoan ere, hala bedi.