SURFLARI ERNEGATUA
ITSASOA

Zara Huts

Bat, salbera gehiago dagoela. Bi, jendea begiak gorri-gorri dituela ateratzen dela uretatik. Eta hiru, triatloiko lehiakide asko gaixo dagoela ura edo hondar kutsatuaren ondorioz. «Prestige» hondoratu zenean ez zenuten halako kexarik, triatloiko lehiakideak uretatik fuel-olio orbanak gorputzean itsatsita ateratzen zirenean, baina orduan ez zegoen Bildu Udalean, ezta?

Orain pare bat aste Zarauzko hondartzan bota duten hondarra izan nuen hizpide eta gaur ere lagunak egitera noa, «porlos!». Martxa honetan jarraitzeko asmoa dut kaleko ia jende guztiak agurra ukatzen didan arte.

Hondarraren aferarekin gehien zabaldu diren hiru leloak honakoak dira. Bat, salbera gehiago dagoela hondartzan. Bi, jendea begiak gorri-gorri dituela ateratzen dela uretatik. Eta hiru, pasa den astean triatloian parte hartu zuen lehiakide asko gaixo dagoela eta ez dakitela arrazoi nagusia uraren kalitatea edo hondarra izan den.

Salberak. Surf ikastaroak ematen aritzen garenok sarri zapaltzen ditugu hondarretan ezkutatzen diren arrain hauek, beraz, salbera asko dagoenean haien pozoia oin azpian sentitzen lehenak izaten gara. Azkenaldian oso gutxi dago eta arrazoietako bat oso sinplea izan daiteke. Salbera batek mozorrotzeko duen arma ederrena bere hondar kolorea da. Kolore okrea. Hondartzan isuri berri duten are grisarekin inongo antzik ez duena.

Uretatik begiak gorrituak ateratzen diren nerabeak eta haien guraso arduratuak. Bat, itsasoko urak gatza du, arraroa begiak gorritu gabe ateratzea litzateke. Eta bi, begira itzazue zuen seme-alaben begi niniak. Zerbait arraroa sumatu duzue? Zuek bezalakoak atera dira, gezurti hutsak. Benetan uste zenuten etxera ailegatzean duten gose ase ezin hori nerabezaroko ezaugarri ohikoa zela?

Triatloiko lehiakideak eri. Itsasoa kutsatuta dagoelako gaixo badaude, tira, ez egin eztul halako norbaiten ondoan edozein birusekin akabatzeko arriskuan izan baitaiteke. Eta erruduna, itsasotik lehorrerako bidean korrika zeharkatzen dituzten hamar metro horietan zapaldutako hondar nuklearra izan bada, orduan, egun osoa eguzkia hartzen edo urertzean pasieran ibiltzen diren horiek honezkero hilerrian behar lukete.

«Prestige» hondoratu zenean ez zenuten halako kexarik, triatloiko lehiakideak uretatik fuel-olio orbanak gorputzean itsatsita zituztela ateratzen zirenean. 2003ko ekainaren 14an ez zegoen malekoira gerturatu ere egiterik, Udalak hondartzako sarrerak itxi baitzituen. Ekainaren 15ean, udako goi denboraldia hasten zela-eta dena libre zen, ez zen kexarik. Ez zen orain hondarrarekin sortu den adinako eztabaidarik izan, ezta gutxiago ere. Noski, orduan ez zegoen Bildu Udalean, ezta?

Urte hartan Zarauzko Surf Eskolak ateak itxi zituen, halako baldintzetan ez zegoelako ikastarorik ematerik eta osasunean eragin zitzakeen ondorioak zeintzuk izango ziren garbi ez zegoelako. Gaur egun, oraindik, ez dakigu hondamendi hark gugan egin zuen kaltea zein den eta inork ez du ezer esaten.

Askotan esan dut zarauztarra izateaz harro ez nagoela, ni bezala pentsatzen dutenak gutxiengoetan gutxiengo garen neurrian, «herri» ez garela onartu behar baitugu. Herri honen izenak berak esaten du dena, bere jatorriak. Garai batean zingira baino ez zen eremua zelako eta ihi edo zi (zara) landareak baino ez zeudelako jarri omen zioten izena. Zarautz, zara huts.