25/06/2014

Mikel Aramendi
Kazetaria
Errudunak behar dira

Irakeko gerra hau Siriako gerraren jarraipen zuzena da. Hura jada galdu dutenek ahulagoa deritzoten kate-mailara eraman dute orain gatazka. Baina esan behar da, bide batez, Siriako gerra hori ere Irakeko gerra zaharragoaren kumea izan dela

Tony Blair-en nartzisismo gupidagabeak airean asmatu du zertan datzan auziaren gakoa, bera bezalakoentzat: Irakeko gerrak (gerra, galanta gainera, baita une honetan Mesopotamian jazotzen ari dena) errudunak behar ditu. Konponbiderik ez dutenek kulpadunak behar dituzte. Berehala, gainera, itzalaldi mediatikoa eten egin baita mundu parte harekiko.

Horregatik, edonori bururatuko zaiolako errudun-gaien zerrenda horretan lehenengoetakoa Blairren izena ipintzea, atera da bera, Mosul hiria milizia islamista sunitek hartu eta ordu gutxitara: errua... Sirian militarki gehiago inplikatu nahi izan ez zutenena da. Absurdoaren ingurukoa da arrazoibidea: «ISIS eta abarri lehen Sirian irabazten lagundu ez izana da orain ISIS eta abarrek Irak hankaz gora ipintzearen zergatia»; baina Tony Gezurtiri bost axola dio horrek. Erruduna ez da bera, hori da hauspotu nahi duen mezua.

Beste batzuek (Fabius, etab.), Blairren arrazoibidetik asko urrundu gabe, Maliki lehen ministroari egotzi diote erantzukizuna. Eta horrela (hura kargutik kenduta), konponbide bat ere aurkezten dutela eman dezake. Bejondeiela. Ez naiz ni hasiko Malikiren sektakeria ukatzen, eta horren eraginak gutxiesten; baina orain arte itxaron behar izan ote dute hori ikusteko? Eta guztia Chalabi, Alawi eta konpainia berriro eszenaratzeko bada... bapo! Denak Al-Durirekin negoziatzen ikustea bikaina litzateke.

Errudunak bilatzeko grina hori zergatik ez ote dute bideratzen, gutxienez, egoeraren diagnosi zuzen samarra egitera? Konponbideen abiapuntua izaten omen dira diagnostiko doituak. Dohainik eskainiko diet neurea.

Irakeko gerraren fase berri honek erabat suntsitu du AEBek eta horien aliatuek Iraketik itxuroso samar erretiratu ahal izateko muntatu zuten dekoratu politikoa. 2003ko inbasioak askatutako mamu guztiak bizirik, eta sasoiko, daude oraintxe bertan. Jada ezin daiteke herrialde bakar/bateratuaz hitz egin Iraken, behin edo behin aurreikusi zen zatiketa hirukoitza gertatu delako. Modurik okerrenean gertatu ere, eta zatietako bakoitzak barne pitzadura garrantzitsuak ditu. Bakoitzak, gainera, aitaponteko ahaltsuak ditu auzoko potentzietan, kurduek salbu. Horregatik, beharbada, otu zaie Jay Garner bezalakoei Mendebaldeko potentzien laguntasuna haiengana bideratu behar litzatekeela; ikusiko dugu zer dioen Turkiak, urrutirago joan gabe. Lehen aldi batean, argi dago, Bagdadeko gobernu xiia (Malikirekin, edo hura gabe) eta matxinatu suniten arteko gerra zuzena izango da, Siriakoaren antzera...

Irakeko gerra hau, izan ere, Siriako gerraren jarraipen zuzena da (horretan badu arrazoi izpi bat Blairrek). Hura jada galdu dutenek ahulagoa deritzoten kate-mailara eraman dute orain gatazka, Sirian lortutako emendio eta borrokalariekin. Baina esan behar da, bide batez, Siriako gerra hori ere Irakeko gerra zaharragoaren kumea izan dela, Arabiar Udaberrien beroaldiarekin sutu bazen ere.

Beraz, abiapuntura itzultzea baino asko gehiago ez dugu egin. Duela 35 urtez geroztik Iranek eta Saudi Arabiak zuzenean edo zeharka daramaten gatazka beste etapa batean sartu da.