ANDONI TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Deabrua ate joka

Musikariek oraindik kontratuak sinatzen al dituzte? Noski baietz, jaialdi antolatzaileekin, adibidez, managerrekin, diskoetxeetako arduradunekin, SGAEkoekin eta, jakina, beste edozein pertsonak bezala, baita aurrezki-kutxa, banku, enpresa edo estatuaren ordezkari ororekin. Sinadura bakoitzarekin bere artista ibilbidean eragingo duten erabakiak hartzera kondenatua dago musikaria. Horrela saldu zion arima deabruari Robert Jhonsonek. Sinatutako kontratuaren trukean, inoiz izan den bluesmanik nagusiena bilakatu eta indarkeriak eragindako herio lasterra jaso zuen. Haiek bai kontratuak!

Ondoren mito asko zabaldu dira musikariek, batik bat, diskoetxeen arduradunekin sinatu ditugun kontratuen gainean. Misterio eta susmo ugariz jantzitako mitoak dira. Phil Spectorrek armadun gizon bat jarri omen zuen estudioaren atean Leonard Coheni pasatzen ez uzteko, elkarrekin «Death of a Ladies' Man» diskoa egiten ari zirela. Hark ere edukiko zuen horretarako baimena ematen zion paper legalen bat.

Normala da, musika ez da bakarrik sorkuntza, industria oso bat dago musikariek sortutakoa kudeatu, eta ahalik eta etekinik handiena ateratzeko antolatua. Oraindik indarrean al daude «esklusibitatea» bezalako kontuak, artistaren fideltasuna ziurtatzeko kasila penalizatzailea? Bai noski.

Orduan, adibidez, norenak dira kantuak? Nork har ditzake haren gaineko erabakiak, egileak ala kudeatzaileak? Kudeatzaileak erabaki al dezake, besteak beste, zein musikarirekin lan egin dezakeen kontratupekoak eta zein musikarirekin ez? Non kantatu dezakeen eta non ez? Bai, oso ohiko kontuak dira, baita gurean ere. Industriak bere burua babestu beharra dauka, baita musikarien bizkarrean ere.