Beste norbaitekin nahastu
Hasieran olatu hark Malibuko olatuaren antz ikaragarria zuela pentsatu zuen. Geroago konturatu zen ez zela olatua Malibu gogorarazten ziona, gainean zihoan morroia baizik. Getarian izan zuten azken elkarrizketa hartan, elkar ezagutu zuten egunean esan zion gauza bera erantzun zion Miki Dorak Gerry Lopezi: «Uste dut beste norbaitekin nahastu nauzula».

Nesketan baino nazkatan ibiltzen garenok sarri entzun behar izaten dugun leloa da. «Aizu, ezagutzen zaitut beste nonbaitetik, ezta? Batere, beste norbaitekin nahastu nauzu». Eta horrela, batzuk beti gabiltza nahastuta, non gauden ere ez dakigula, beste batzuek, non, zergatik eta zertarako dauden bikain dakiten artean.
Horrela erantzun omen zion Nicky Dorak, Malibuko erregeak, Gerry Lopezi, Pipelineko erregeari. Lopez hawaiiarra, Legian hondartzako uretan igeri egiten ari zen, Balin (Indonesia), olatu gainean norbait maisuki surf egiten ikusi zuenean. Hasiera batean, olatu hark Malibuko eskuin olatuaren antz ikaragarria zuela pentsatu zuen, geroago konturatu zen, ordea, ez zela olatua Malibu gogorarazten ziona, gainean zihoan morroia baizik.
Harengana gerturatu eta Nicky Dora ezagutu zuen. Kasu egin nahi izan zion, baina honek olatu bat hartu eta ospa egin zuen. Lopez uretatik atera eta korrika joan zen bere taularen bila. Bere lagun Mike Boyunekin itzuli zen eta zuzen-zuzenean haien idoloa zegoen lekura egin zuten arraun. Iritsi bezain laster Lopezek hitz egin zuen.
-Kaixo Miki, ni Gerry naiz eta honako hau Mike da - esan zuen hawaiiarrak.
-Uste dut beste norbaitekin nahastu nauzula -erantzun zuen Dorak.
-Zu Miki Dora zara, gure heroia.
-FBIkoak zarete?.
-Ze galdera arraio da hori?
-FBIkoak bazarete, behin galdetu ostean egia esatera behartuak zarete.
Azkenean, Mikik onartu omen zuen Dora izan zitekeela, baina ez zen fio, eta inguruan zeuden beste surflariak ezagutzen ez zituenez, han ikusi zutela beste inori ez esateko erregutu zion Lopezi. 70eko hamarkada zen. Miki Dorak AEBetatik alde egin behar izan zuen estatuari iruzur egiteagatik kartzela zigorra ezarri baitzioten.
Garai hartan Bali leku lasaia zen, oraindik ez zegoen surflari askorik eta turismoa ere neurrikoa zen. Gerry Lopezek Uluwatu eta antzeko urautsi bikainak erakutsi zizkion Dorari eta elkarrekin egun zoragarriak pasa omen zituzten.
Urte asko beranduago, Dora Getarian zenean, Lopezen bisita izan zuen. Biarritzen eta Parlamentian surf egin omen zuten eta gauean, Getariako portu txikiaren ondoan Dorak zuen etxean afaldu eta lasai hitz egin ahal izan zuten. Surfaren historian itzal egin duten surflari handienetako bi elkarrekin egon ziren azken aldia izan zen hura, eta azken elkarrizketa hartan Lopezek Indonesian nola ezagutu zuten elkar gogoratu nahi zion Dorari. Honek, bere-berea zuen jarrera eta posea batere aldatu gabe, harridura aurpegia jarri eta klase handia dutenek bakarrik mintzatzen dakiten moduan hitz egin omen zion Lopezi: «Gerry, uste dut beste norbaitekin nahastu nauzula».

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
