Udako surf taula: Zein motatako taula da egokiena udako olatuetan surf egiteko?
Udako olatuak negukoak baino ahulagoak dira. Nolako taula behar dugu halako baldintzetan egoki aritzeko? Surflariaren abileziaren arabera, taula mota aldatu egiten da, baina badira osagai batzuk kontuan hartu behar direnak, taularen forma eta bolumena kasu.

Zein motatako surf taula da egokiena udan ibiltzeko?
Surflari bakoitzak duen mailaren arabera, taula mota egokiena aldatu egiten da, baina bada ezaugarri bat udako olatuetarako guztientzat lagungarri izan daitekeena: bolumena.
Hiru gauza dira kontuan hartu behar direnak surfaz mintzo bagara: olatua, surflaria eta taula. Olatua da osagai nagusia, surflariak olatuaren ezaugarrietara egokitu behar du eta horretarako bitartekoa surf taula da.
Bolumen handiko taula
Kantauri itsasoan, olatuak txikiak izaten dira udako egun gehienetan. Itsaskiak ahulak izaten dira, ez dute indar handirik izaten, eta ez dira egun askotan luzatzen; beraz, halako baldintzetara egokituko den taula mota behar du surflariak. Modalitatea edo surflariak izan dezakeen surf maila edozein dela ere, bolumen nahikoa duen taula izaten da egokiena indar gutxiko olatuetarako.
Olatu txikiak egokiak izaten dira tabloian (longboard) ibiltzeko. Barruratzean ez dira aparrak azpitik pasa behar, eta korronteak egoki erabiltzen jakinez gero, ilea busti ere egin gabe irits daiteke surflaria urautsira. Taula zenbat eta handiagoa izan edo zenbat eta bolumen gehiago eduki, orduan eta errazagoa izango da olatua hartzea, eta olatu gainean ere abiadura gehiago hartuko dugu. Longboarda, taula mugitzeko zaila izan arren, ia maila guztietako surflariek egin dezaketen modalitatea da; beraz, aukera ona da udarako.
Gurean, surfean hasten den ia jende guztiak taula txikia du helburu. Kirol hau ulertzeko modu pobrea da, aukerak anitzak baitira, baina arrazoiak zeintzuk diren aztertzera sartu gabe, errealitate bat da, surfean hasi eta jarraitu nahi duenak lehenago edo beranduago taula txiki bat nahi izaten du.
Taula txikia diogunean, gutxi gorabehera bi metroko taula edo txikiagoez ari gara. Gauzak horrela, maila gutxiago dutenek taula handiagoa eta zabalagoa izango dute, eta aldiz, maila altua dutenek izango duten taula txikia eta arina izango da.
Lauzpabost urte daraman surflariak (helduen kasuan) bolumen askoko taula beharko du olatu txikietarako. Ohikoa baino zabalera eta lodiera handiagoak dituen taula, bolumen handikoa; izan ere, udako olatuek indar gutxi daukatenez, abiadura hartu eta mantentzen zailagoa izaten da. Gainera, udan ura beroa dagoenez, dentsitate gutxiago izaten du, eta hori ere nabaritzen da, taula neguan baino gehiago hondoratzen baita.
Teknikoki hobetzeko, askoz hobe da taula handi batekin denbora sobera egin, taula txiki batera azkarregi pasatzea baino. Taula handi bat egoki mugitzeko gai dena, teknikoki gauzak ongi egiten ari den seinale. Izan ere, taula txiki bat mugitzea oso erraza da, taula bera ia bakarrik mugitzen baita esfortzu handirik egin gabe, baita teknikoki gauzak gaizki eginda ere. Taula egoki mugitzen ez ikasteko arriskua oso handia da, ordea, eta gero oso zaila izaten da denbora luzez hartutako ohitura txarrak ezabatzea.
Taularen forma
Taula bat egiterako orduan «shaper» batek duen arazo handiena zera da, surflariaren nahiak asetzeko bi osagai funtsezkoenak bateratzea. Alegia, muturreko bi kontzeptu batzen asmatu behar du taula egileak. Batetik, olatua erraz hartzeko taula bat egin behar du, eta horretarako taulak luzera eta bolumena izan behar ditu. Bestetik, behin olatuaren gainean abiadura hartuta taula erraz mugitzeko behar den taula mota ia kontrakoa da, alegia, txikia eta arina. Beraz, oso zaila da denerako balio duen taula bat egitea.
Normalean, norbaiti zer-nolako taula duen galdetzen badiogu, taularen altuera, zabalera eta lodieraren neurriak emango dizkigu. Baina horiek, eragile xume batzuk baino ez dira. Lemak zentimetro bat aurrerago edo atzerago izatea, edo zein norabidetan jarri diren kontuan hartzea esaterako, garrantzitsuagoa izan daiteke. Taula egileak osagai mordoa nahastu ditzake surflariaren nahiak ahalik eta ondoen asetzeko.
Abilezia handiko surflari batek olatu txikietan erabiliko duen taularen ezaugarri ohikoena arintasuna izango da. Arraun egiteko, ordea, zaila izaten da bolumen gutxiko taula batekin; beraz, taularen formari erreparatu behar zaio. Bi dira olatu txikietarako taula oso arina nahi duen norbaitek kontuan hartu behar dituen ezaugarriak. Batetik, «rocker»-a, alegia taulak puntatik ipurdira duen kurba; eta bestetik, taularen zabalera edo itxura, «outline» delakoa.
Zenbat eta rocker gutxiago, orduan eta errazago izango da olatua hartzea. Abiadura gehiago hartzen da, baina taula mugitzea zailagoa da, eta gainera ertzak eta taularen punta errazegi iltzatzen dira.
Taularen erdialdean zabalera emanez, ordea, mugimenduak egiteko erraztasuna lortzen da, eta horrela, bi eragile hauen nahasketa egoki batekin, abiadura lortzen da, baita taula mugitzeko erraztasuna ere.
Mota honetako taulek ez dute olatu handiagoetarako edo indartsuetarako balio; izan ere, rocker gutxirekin olatu borobil bat jaistea zail egiten da, punta erraz sartzen da uretan. Eta bestalde, taularen zabaleraren ondorioz, birak egiterako orduan taula ez da behar bezala olatuari itsasten eta labaindu egiten da.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
