Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Estigma edo mutazioa

Estigmak eragin dezakeen paralisi efektua gainditzeko, bide posibleetako bat aldaketa edo mutazioa izan liteke. Eboluzionatzeko, bizidunek mutazioak behar dituzte

Ezintasunak, desio diren eta esan gabe geratzen diren hitzak dira. Egin nahi direnak eta egin gabe geratzen direnak. Lehertu gabe barruan geratzen diren oihuen segida dira ezintasunak. Metatutako zurruntasunak. «Bai» esan nahi eta «ez» esaten denean geratzen den desolazioa. Gogo erretenitua. Guztia, eta ezer ere ez.

Bizitzaren parte da ezintasuna. Dosi txikietan bada, irakaspena izan liteke. Dosi handiegitan, ordea, etsipena dakar. Bizitzaren esparru guztietan bezala, politikan ere bai, etsipenaren estrategia aurrean dagoena hondoratzeko bide eraginkorra bihur liteke. Zitala, tiranikoa. Eta tamalez, gehiegitan funtzionatzen duena.

Herri honetan, etsipenaren urtekarietan orrialde asko idatzi dira. Hainbeste, liburuko aurkibidea mantendu eta honen orrialde kopurua nola hazten den ikustera ohitu garela. Abandonatu gaituztenak, abandonatu ditugunak, zementuzko lau ertzeetako pareten barruan bueltaka egon direnak, bueltaka jarraitzen dutenak, bueltaka egongo direnak. Kasuistika honetan ezin ditugulako aditzak iraganean soilik konbinatu; zoritxarrez, orainaldi eta etorkizunaren aditz-formak gurekin daramatzagulako. Gurean etsipenaren ikur bilakatu nahi dituzte presoak, akusatuak, onarpen sozialik ez duten kontalariak, erruz jipoituak, burua han eta gorputza hemen dutenak. Deformaturikoak bagina bezala. Estigmatizaturikoak.

Aldaketa garaiak datozenean ordea, aldaketaren eragileei pasa dakiekeen larriena estigma sinistea da. Berau onartzea. Azken batean, hori bihurtzeko arriskua izan dezakeelako horretan gehiegi pentsatzen duenak. Eta izatekotan, zerbait bagara, gu baino ez garelako; heroizismorik gabeko izaki dohaindun eta inperfektuak.

Estigmak eragin dezakeen paralisi efektua gainditzeko, bide posibleetako bat aldaketa edo mutazioa izan liteke. Aspaldiko tribu bateko kideak honelaxe kontatu zion behin bere ondorengo bati: «Bada denbora bat gertatu zela: ume zuri bat jaio zen gure tribuan. Ume zuria? Jainkoen proba bat zela genekien, baina jainkoek ordura arte izan ginen bezalakoak maite gintuztela ziur geunden. Hartara, umea akabatu eta ama herritik bidali genuen. Hurrengo urteetan ere tribuak purutasunaren bideari eutsi zion eta halere, naturak berak lortu zuen izaki horiek aldatzea. Horrela, hurrengo hotzaldietan bizirik iraun zuten haietako batzuek. Arbasoek emandako indarrari esker jarraitzen dugu lurralde honetan -esan zuen aitonaren bilobaren bilobaren bilobak-». Ez zen egia. Ez ziren arbasoen berdinak.

Mutazioak ustekabean eta planifikaziorik gabe gertatzen badira ere, eboluzioa bideratzen dute; eboluzionatzeko, bizidunek mutazioak behar dituzte. Istorioko tribuak hotzaldiari aurre egiteko garatu zuen ahalmena mutazioak izatearen ondorioa da.

Etsipenaren estrategiak, eta beronek sortzen duen estigmatizazioak, aldaketa politikoen oinarriak baldintzatu nahi dituztela jakitun, mutazioa, aldaketa eta eraldaketa aurrera egiteko bideak baino ez dira. Bide luze baten sekuentzian, irauteko eta aurrera egiteko ezinbesteko prozesuak.