Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Botere hutsa

Ezkerraren helburua izaten da askotan botere politikoa eskuratzea aldaketak gauzatu ahal izateko. Baina boterea nodo ezberdinetan banatua dagoenez, orduan konturatzen da ezer gutxi balio duela botere politikoak botere ekonomikorik gabe

Erraz hitz egiten dugu botereaz. Sarri mintzatu ohi gara boterea «bestea» balitz bezala, baina hor dago beti norbait «tsssssst!, boterea norberaren esku dago» dioena. Arrazoirik ez zaio falta, eta gure lehen zeregina izan behar luke pertsona ahaldunduak eta buruaskiak hezteak. Baina definizio sinplistegia iruditzen zait. Boterea, politikarien edo banketxeen esku dagoela esatea bezain sinplista (nahiz eta bere balio politikoa izan dezakeen borrokak aktibatzeko).

Errealitatean gauzak ematen duten baino konplexuagoak eta korapilatsuagoak izan ohi dira. Boterearen egituratzeari buruz irakurri dudan lanik finenetakoa iruditzen zait Manuel Castells soziologoarena. «Comunicación y Poder» lanean boterea nola egituratzen den azaldu nahian ematen ditu lehen kapituluak. Bere proposamena azkar batean azalduta zera da: jendartea sare moduan egituratzen da eta sare horretan guztiok lotzen gaituzten nodo edo korapiloak daude.

Nodo horiek gara edo dira norbanakooz gain gobernuak, enpresa multinazionalak, komunikabideak eta abar. Hau da, ezin genezake esan boteredun ente abstraktu bat existitzen denik, mundua kontrolatzen duen gaizto pertsonifikatu bat dagoenik. Alderantziz, boterea konpartitua dago nodo ezberdinetan eta elkarren beharra dute, nahiz eta sarri interes kontrajarriak izan.

Nodo horiek, ordea, ahalik eta botere handiena eskuratzeko ahalegina ere egiten dute. Eta hori izan da neoliberalen betiko helburua: botere politikoa ahalik eta gehien murriztea, eremu ekonomikoan behintzat. Ignacio Ramonet kazetari ezaguna Euskal Herrian izan da aurreko astean eta gauzak garbi azaldu ditu. «Gaur egun, finantza mundua botere politikoaren kontrolpetik kanpo dago. Botere politikoa da herritarrok eragiteko gaitasuna dugun boterea -demokrazia bidez funtzionatzen badu-».

Kutxabank auzia bete-betean ukitzen duen ideia da hau. Hain da antidemokratikoa egitera doazena, ezen EAJ bera ere ez baita kapaza publikoki bere proiektua defenditzeko. JELtzaleek gutxi dute santutik, eta HELLtzale izendatzea egokiagoa izan daitekeelakoan nago, jendea pobreziaren infernura bideratuko duen erabakia hartu baitute.

Operazio horrekin, EAJk eta bertako burgesiak botere ekonomikoa blindatu nahi izan dute balizko aldaketa politikoen aurrean ere. Horrela segurtatu dute finantza sektoreko apurrik ere ez dela egongo indar transformatzaileen eskuetan. Ramonetek ongi azaldu zuenez, ezkerraren helburua izaten baita askotan botere politikoa eskuratzea aldaketak gauzatu ahal izateko. Baina lehen esan bezala, boterea nodo ezberdinetan banatua dagoenez, orduan konturatzen da «botere» deitzen diogun hori hutsik dagoela, ezer gutxi balio baitu botere politikoak botere ekonomikorik gabe.

Larria da egin dutena. Aurrezkiak pertsonen beharren esku jarriko dituen Euskal Herriko Banku Publikoa sortzeko aukerak asko zailtzen dituzte operazio honekin, Mario Fernandez eta bere lagun batzuen interesak gailenduko direlako herri interesen gainetik. Parekidetasunean, justizian eta demokrazian oinarritutako Euskal Herriaren proiektua zangotrabatzen dute horrela, herritarrak etxegabetzen eta usurpatzen jarraituko duten Neguriko HELLtzale madarikatuek.