Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia

Siestarik ez

Tourrak siestarako gogoa ekartzen duenaren kontua dezente zabalduta dago. Nik ere, goizean hasi eta eguerdira arteko lanak bukatzen ditudanean, bazkari legea egin eta Tourra ikusteko ohitura dut. Txirrindulari askori entzuten diet etxean ez dutela txirrindularitzaz hitz egiten ingurukoekin, ez dituztela lasterketak jarraitzen; ezta Giroa, Tourra eta Vuelta ere. Nik lotsarik gabe aitortzen dut ahal ditudan guztiak jarraitzen ditudala, eta telebistaz jarraitzerik ez badaukat, interneteko webgune ezberdinak bisitatuz informazioa lortzen saiatzen naizela. Txirrindulari izatea maite dut, baita txirrindularitza ere.

Ruben Perezek sare sozialetan aipatu zuen atzo [larunbatean], azken zazpi urteetan ez bezala, aurten etxeko sofatik jarraitu beharko zuela Tourra. Bazerion mezuari nostalgia usain bat. Eta seguru asko Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpenaren ondorioz Tourrera joateko aukerarik gabe geratutako txirrindulari askok sentimen bertsua izango zuten uztaileko lehen egun hauetan. Hala ere, tropelean bederatzi euskal ordezkari ditugu, eta ez nolanahikoak gainera!

Lagun hauek tropelean aurkitu nahirik eta zer nolako tentsio etapak diren jakinda, ez da erraza telebista piztu eta siesta egitea. Nik behintzat tentsio puntuz jarraitzen ditut lehen etapa hauek, barrutik bizi izan dudana gogoratuz eta edozein unetan dena pikutara joan daitekeen ideia hori burutik kendu ezinik. Tropel handi hau errepidearen zabaleran sartu ezinik sortzen diren erorketak ikusten ditudan bakoitzean sofatik salto egiten dut. Eta ezinezkoa zait azken kilometroak etzanda ikustea. Bihotza erritmo azkarrean eta giharrak ere tentsioan izaten ditudala aitortu beharra dut, etxean barre egiten badidate ere.

Igor Elortza bertsolari handiari ere, txio batean irakurri diot, kanpoan euria, sofan mantatxoa eta telebistan Tourra zuelako domeka arratsalde perfektua izango zela gaurkoa.

Guzti horri gaurko ibilbide ikusgarria, Ingalaterrako bide bazterretan pilatutako jendetza eta sailkapen nagusian izateko lehiatzen ari diren oilarren arteko borroka gehituta, siestarik ez egiteko osagai guztiak izan ditugu. Txirrindularientzako sufrimendua izan dena zaleentzako gozamena izan da eta Tour honek antzeko arratsalde asko eskainiko dizkigula uste eta espero dut.