Biharamunak
Hasteko, zorionak herenegungo etapako borrokalari guztiei. Polemikak polemika, ez du edozein ikuskizunek 4,6 milioi ikusle biltzen telebista aurrean. Argi gelditu zen lan arriskuen prebentziorako ikastaroak adi jarraitzen dituztela txirrindulariek; erorketa asko, baina ondorio larriegirik gabe.
Ikusle askok gozatu egin zutela zioten. Nik, egiari zor, gozatu baino sufritu egin nuen gehiago. Ziur asko, beste perspektiba batetik ari nintzelako etapari begira. Neure burua imajinatzen nuen izotzezko pista zirudien asfalto gainean irristaka, eta ondoren, txotxongiloaren pare harbideetan saltoka hara eta hona. Ez zen gozoa izango lurrera erortzen hurrengoa norbera izan zitekeen sentsazioarekin aurrera egitea.
Tropel marroi, busti eta labainkorrean lagunak bilatu nahian igaro nituen etapako kilometro amaigabeak; baten bat lurrera erortzen zenean, jauzi txikiak emanez sofa gainean. Txirrindularien gurasoez, emazteez eta etxekoez oroitu nintzen. Lau aldiz bueltatu naiz ni Tourretik etxera, jipoitutako txakur triste baten antzera hezurrak hautsita, zauriz josita eta goibel. Denbora asko pasatzen da Tourra prestatzen istant batean erorketa batek dena pikutara botatzeko. Beste egoera eta momentu batean baliteke herenegungo moduko etapa batez gozatzea, baina aurten ez da horrela izan.
Dena dela, niri dagokidanez, etapak ondorio argi bat utzi du. Izan ere, lehendik Espainiako Vuelta ondo prestatu behar genuela bagenekien ere, Froome lehiaketatik kanpora geratzeak badaezpada torlojua buelta erdi gehiago estutu beharko dela ondorioztatu du. Tourrak hori ere badauka. Maila ematerik izan ez duten txirrindulariek Vueltan lehiatzea aukeratzen dutela, alegia.
Atzoko etapaz berriz, esan, trantsizio etapa izan behar zuela itxuraz. Baina barregura ematen dit halako izenak ematen zaizkienean etapei. Trantsizioa? Halako itzuli handietan ez dago trantsiziorik. Taldeek edozein egun, momentu edota egoera baliatzen dute trantsizioa trantsizio izan ez dadin. Euria eta saihetseko haizea tarteko, erorketa eta tropel etenak tentsio handia eragin zuen eta abiadura ikaragarriz burutu zen etapa oso gogorra bilakatu.
Aurrez esan bezala, berandu izan aurretik, banoa nire prestaketan pauso bat gora ematera eta, etzitik aurrera, altueratik idatziko dut zutabea. Kontatuko dizuet zer giro den 2.000 metrotan; uda hasi ote den, etab.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
