Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Posta hobetu beharra

Hegazkinek bestelako moduan segitzen dute han- horko eremuetan lurra hartzen, seguruena lurra bera dela pentsatzera iritsi gabe. Lurra segurua? Bai zera! Jazzaldiak eta eguraldia albiste hemengo udan. Jazarraldiak eta egurraldia albiste hango udan, Mediterraneo gaixoak ekian duen bazterreko zerrenda latz hartakoan. Kutxak nonahi hor, egurrezkoak, eta kutxazainak ere bai, automatikoki kutxa lepora igotzen dutela. Kutxa horietariko asko, txikiak, luzeraz, bildu behar duten gorpuaren bestekoak. Aroztegiak edonon, han, zerrendakoek desioko zuten garapen ereduan sartzen ez den jarduera behartua. Pinu gazte batek ematen duen egurra nahikoa da kutxa baterako. Jakina, beste nonbait landatutako pinu gaztea! Zerrendako lurzoru zenak aspaldian galdu baitzuen lurra. Krisi garaian krisirik krisiena hipokrisia den seinale. Hipokriten alardea gero! Hori bai, halakoek ez dute koordenatu geografiko zehatzik, berdin gerta daitezke Mediterraneoko bazter hartakoan edo Kantauriko zerrendakoan, Hondarribia eta Irun hartzen duen horretan. Hipokrisia guztiek dute tradizioa komunean; are gehiago, tradizioa ulertzeko modua ere tradizio bihurtu dute.

Komuna esan dudala, eta komunean patxadaz nagoela, erregimen komuneko finantzaketa, albiste, eremu hauetan egunotan. Kaka zaharra! Horixe arazoa gero, euskaldunok halako erregimena jasan behar izatea. Komunetik atera naiz, zisternari bi aldiz eutsi eta ia-ia gustura geratu ondoren, ni eta zisterna, biok. Bada, balantza fiskala aurkeztu berri dute han, esku bat bestea baino luzeagoa duten besomotz ofizialek egin ere. Eta zifren dantza dute hasia, nork-nori-zenbat-zor. Euskaldunok zenbat hartu eta zenbat eman, euren zifrak euren balantzan, gure beharrak eurek aurretik zehaztuta. Urduri ei daude han, Estatuaren grabitate zentroa, periferiaz periferia, ez ote zaien larritasun zentro bilakatzen ari. Kafe berbera denontzat nahi dute, kikara aldatzeko aukera baino eman ez. Oker daude, euskaldun jendeak infusioa du nahiago, kafearena bada ere. Bitartean, ea posta zerbitzua hobetzen duten. Hitzordu eskean, hainbeste denbora hemengo lehendakari baten gutuna hango presidente baten eskura ailegatzeko! Hemengo presidenteen arteko posta, antza, zerbait hobeto dabil, hitzordua diskrezioz egina bada ere. Amen.