Xabier ALZELAI
Probetako ingeniaria
ANALISIA | HUNGARIAKO SARI NAGUSIA

Eredu zaharkitua

Pasa den igandean Hockenheim hiriko zirkuituan elkartutako jarraitzaile kopurua ez zen 50.000 lagunera iritsi. Pilotu alemaniar bat azken lau urteotako txapelduna dela (Vettel), uneotan burutzen ari den txapelketako liderra ere alemaniarra dela (Rosberg) eta Hockenheim hirian egiten dena Mercedes taldearen etxeko proba dela kontuan izanda, zenbaki kezkagarriak dira 1 Formulako sari nagusi batentzat.

Alemaniako Sari Nagusia baino bi aste lehenago izandako Erresuma Batuko Sari Nagusian ostiraleko entrenamenduetan 85.000 ikusle elkartu zirela kontuan hartuta ere, Hockenheim hiriko zirkuituko ostiraleko entrenamenduetan ez zen Korea edo Indiako ostiraletan baino ikusle gehiago elkartu. 50.000 edo 60.000 ikusleko sarrera ez da jasangarria Hockenheim bezalako zirkuitu batentzat, Silverstonekoa duela hiru aste goraino bete bazen ere 120.000 lagunekin. Austriako Sari Nagusiak ere Alemaniakoak baino ikusle gehiago bildu zituen entrenamenduetan. Ikusleriaren erantzuna desberdina izaten ari da herrialde batetik bestera. Zer dela eta horrelako diferentzia?

Nire ustez arrazoi nagusietako bat 1 Formulako irudi eskubideen jabeen jokaera da, ez baitute askorik egin azken urteotan komunikazio plataforma berrietan leku egiteko. Dirudienez, 1 Formulak ez du jakin izan aldaketa kultural serio batera moldatzen. Gaur egun ikusleek kirolak jarraitzeko beste modu batzuk eskatzen dituzte. Sare sozialek eta Internetek eskaintzen dituzten gainontzeko baliabideak informazioa jasotzeko modua aldatu dute azken urteotan. Mundua ikusteko era aldatzen ari da, baina badirudi 1 Formulak ez duela bere jarrera aldatu nahi. Gaur egungo ikusleek beren lehentasunak aukera berrietara moldatu dituzte.

Beste kirol batzuk sareko plataformak erabiltzera pasa dira, dena delako formatuan: live-streaming, on demand bideo zerbitzuak edota web-kanal bidezko bideo materialak YouTube bezalako kanalen bidez. Bitartean, Ecclestonek jarrera eszeptikoa mantendu du Internet bidezko hedabideekiko, ez duelako edukia diru bihurtzeko zuzeneko modurik ikusten. Nire ustez jarrera horrekin ikusleriaren zati handi batengana ez iristeko arriskua areagotzen ari da. Gazte bat ez da etxean gelditzen igande arratsalde eguzkitsu baten bere aitarekin bi orduz lasterketa ikusteko. Arazoa da ez dagoela beste alternatibarik. Gaur egun ez da posible hondartzan zauden bitartean 1 Formulako lasterketan gertatzen ari dena smartphone bidez jarraitzea. Ikusle kopurua eta ondorioz kirolaren etorkizuna bera arriskuan jartzen duen beste arrazoi bat 1 Formulak ikuskizunaren protagonista nagusiak diren pilotuekiko duen jarrera da. Araugileek eta taldeetako zuzendariek pilotuek pista barruan zein kanpoan egiten duten guztia kontrolatzen eta gidatzen dute. Egungo pilotuek ez dute garai batekoen karisma bera, beraien nortasuna ezezaguna da ikusleentzat.

Zirkuituetan batzen den jarraitzaile kopuruaren murrizketaren arrazoi nagusietako bat sarreren prezio altua da. Aurten Hockenheim hiriko zirkuituan izateko helduentzako sarrera merkeena 99 eurokoa zen. Asteburu osorako A kategoriako sarrera batek 515 euro balio zituen. Iganderako A kategoriako sarrera bat, berriz, 279 eurotan eros zitekeen. Ez dira prezio jasangarriak kirol ikuskizun batentzat. AEBetako Sari Nagusian asteburu osorako sarreren prezioa 180 dolarretik 1.035 dolarrera bitartekoa da. Harrigarria bada ere, sarrera guztiak agortzen dira AEBetan. Konparazio bezala, hona hemen maila altuko eta jarraitzaile askoko beste kirol ikuskizun batzuetarako sarreren prezioak: Txapeldunen Ligako finaleko sarrera bat 75 eurotan lor daiteke salmenta ofizialean. Moto GPko Alemaniako Sari Nagusiko sarrerak 88 eurotan saldu dira aurten. 1 Formularekin alderagarria den kostuak dituen kirol ikuskizun batean, Wimbledoneko gizonezkoen finala, sarrerak 164 eurotan saldu ziren. Garestia iruditzen zait, baina 1 Formularekin alderatuta, ez hainbeste. Ulertzekoa eta logikoa da gazteek 1 Formulako sari batera ez joateko erabakia hartzea, edo diru hori maila altuko beste kirol ikuskizun baten gastatzea.

Kirola bera ikusleak galtzen ari den bitartean, 1 Formulako talde txikiek gero eta finantzazio arazo gehiago dituzte etorkizuna ziurtatzeko. Ondorioz, talde asko pay driver pilotuak kontratatzera behartuta daude, hau da, pilotua dirua jartzen duenak aukeratzen du. Talde horien finantza egoera oso epe laburrekoa izan ohi da, urtetik urtera guztia birplanifikatu behar izaten dute-eta. Ez al da, beraz, 1 Formulan aldaketa sakonak burutzeko ordua?