Gasteizen badago jai, eta ez zernahi
Jaietako hirugarren eguna igarota, hainbat aukera daude Andre Maria Zuriaren jaietan gozatzeko. Egun argitan ateratzeari ezin zaio uko egin hiriburu arabarrean, baina goizeko egitarauan izarrik bada, Aihotz plaza da hori, adin guztietako pertsonak biltzen ditu, eta bereziki bertso saioek izaten dute jarraitzailerik gehien.

Atzokoa esnaera zaila izan zen Gasteizen. Jaietako hirugarren egunean murgildurik, aurten ere eguraldi onak ez du hutsik egin: eguzki galdatan argitu zuen eguna Arabako hiriburuan. Nora jo, hori izaten da bati baino gehiagori buruhaustea zor diezaiokeena. Deskartearen metodoa erabilita, baztertu beharreko tokiak azkenak ixten izan diren Alde Zaharreko tabernak eta txosnak dira, ordu batak baino lehenago esnatu bagara. Denbora egiteko, eta bidean harrapatzen gaituenez, Urrezko Zeledoni egindako errespontsua eta lore eskaintzak ikusi ditugu San Migeleko balkoian. Santa Isabeleko hilerrian errepikatzen da gero eskaintza. Gorputza bere onera ekartzeko, goizetik girotxoa barreiatzen duen Aihotz plazara joatea komeni da, eskaileretan gora joz, nahiz eta gogorra egin. Tragoa eta sabelak eskertuko duen lehenbiziko mokadutxoa ahoratzera, oholtzan trikitixa, pandero eta alboka doinuak entzuten ditugun bitartean.
Han topatu ditugu Tolosatik eta Leitzatik etorri diren Kiliklon taldeko Sonia Ezkerra, Xabi Fernandez eta Thomsom Gorostegi pailazoak, euren Txorotxaranga ikuskizunarekin hasi aurretik: «Sanfilippo Fundazioan gaude sartuta, dirua lortuz laguntzeko, saldutako diskoen etekinen zati bat horra zuzenduz». Andre Maria Zuriaren plazan izan ziren eta Alde Zaharreko kaleetan, berehala haurrak erakarri zituzten abestiak eta karaokeak interpretatuz.
Gu ere enparantza nagusira jaitsi gara, ordu batak iristen ari zirela, ordu horretarako hasten diren ekintzak ikusteko. Tamalez, arestian aipatu dugunez, esnaera zaileko eguna izan zen atzokoa, eta Jatorrak kuadrillako blusa edo neskaren baten bila ari ginela, ez zen inor azaldu, aurten X. edizioa ospatuko zuen abarka jaurtiketa antolatzeko. Kale. Eta orain? Buruko engranajeak astiroago, kostata mugitzen direla sumatu dugu, eta berriz gora egitea erabaki dugu, eguzkiak gogor jotzen duela ikusirik, itzalaz eta garagardo freskoaz gain, egun osoan zehar ekintzak eskaintzen dituen Aihotz plazara berriz.
GEU elkarteak jarritako txosna dotorera hurbildu gara berriz, eta ordua ikusirik, katxi batez hornituta, hastear zegoen bertso saiora hurbildu gara, gerizpean eserleku libreren bat topatzeko erregutuz. Eta bai. Jon Maia, Eneritz Alzola, Irati Anda eta Jagoba Apaolaza entzuten geratu gara. Kinka larrian jarri zituen hasieratik Olatz Santocildes gai-jartzaileak, bakoitza euskal eragile ezberdin baten paperean jarri baitzuen, eta hurrengo bertsolariak eragile hori zein zen asmatu behar izan zuen, aurrekoaren pistak entzunda. Hala, Uxue Alberdi bilakatu zen Maia, Kike Amonarriz Alzola, Onintza Enbeita Anda eta Fermin Muguruza Apaolaza. Batzuei besteei baino gehiago kostata, baina zein da zein joko horretako pertsonaiak asmatu zituzten.
Ondoren, publikoa barrezka jarri zuten Apaolazak eta Alzolak. Azken hau egunkariko azken orrian agertu omen zela-eta Pique, Penelope Cruz eta Shakirarekin batera parranda egiten irudi batean. Espainiaren kanporaketa ospatzen ari ote zen galdegin zion Apaolazak eta Alzolak ospatzerik ez zegoela erantzun, baina, «Ta ze arraio ari zinen zu Diez Minutos irakurtzen?», bota zion harriduraz . «Hamar minutu» soilik zituelako aldizkari horri begiratua bota ziola Apaolazak, eta Muguruza berriz aipagai , Gora G(h)erria Shakirarekin abestu zuela esan zion Alzolari. Aldizkariaren kontuarekin jarraituta, bizar beltzaren azpian bihotz arroxa zuela esanez xaxatu zuen Alzolak, eta ospetsuekin hartutako xanpain botila guztiak haien kontura izan zirela gaineratu.
Xanpaina Gasteizko jaietako txupinazoarekin lotu zuen Apaolazak, baina Alzolak zuzendu egin zuen jendearen barre algaren artean: «Txupinazoan xanpaina omen/ aizu nahastu egin zara/ nik xanpaina edaten nuen eta/ zuk bota zenuen cava». Arrazoia eman zion honek, «angulak eta gulatxoak» ezberdintzen ere komeriak izaten zituela aipatuz. Biak honetan ados, «Pique-ren abdominalak» ez batak ez besteak ez zituztela aitortu zuten.
Bukaeran laurek puntuka abesten ere gozatu zuten han bildutakoek: Gasteizko Bertso Eskolako partaideak izan ziren, Argentinako La Platako payadore batekin abesteko haietariko bakarra aukeratu behar zutelarik. Apaolaza beti bezain lotsagabe, «Che, viste, problemarik ez dut ikusten hemen», bota zuen argentinar doinua imitatuz, eta bere burua proposatuz publikoaren algara artean. Alzolak igeri joango al ziren proposatu zien eta Apaolazak Garaioko pantanoan pedaloa hartzea hobea zela erantzun zion, gaiaz apur bat aldenduz, Maiak gogorarazi zion bezala, irria eraginez: «Nola okurritu zaizu/ hori bapatean?». Andak, bere aldetik, onartu eta arropa kentzen hasteko erronka bota zien, baita joatekotan ere Maiak ahoz ahokoa egiteko baldintzarekin baino ez zela joango.
Apaolazak bere sasi-azentuarekin jarraitu zuen ongi ulertu ez bazitzaion ere, «erdi-argentinoa» zela edo antzeko zerbait esanez. Maiak baieztatu, «Ta figura daukazu/ maradonianoa», irri maltzurrarekin jendartea barrez lehertzen zen bitartean. «Ondo dominatzen du/ azentoen gaia» onartu zion baina. «Mozkorra pasatzeko/ badauka garaia», ostera, Alzolak.
Txikien Eguna
Gaur Txikien Eguna izango da, 12.00etan Zeledon eta Neska txikiren jaitsierarekin. Hainbat ekitaldirekin batera, txikienek ere euren festetara joatea egingo dute, 17.00etan. Ordubete beranduago, jarduera gehiago eta askaria antolatu dute . Gauean, kontzertuen txanda helduko da. Zea Mays-ekin Aihotz plazan eta The Soulbreaker Company eta Eskean Kristö-rekin txosnetan.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
