Izaro IZU
UDATE | Donostiako Aste Nagusia

Zikinkeriatan umeak, kalefestan gazteak eta kantuan alkateak

Oso ekimen ezberdinak dira merengez zikintzea eta elektrotxarangarekin dantzatzea, baina biek izan zuten atzo gazte andana dibertitzeko gaitasuna, Saguesen batak, Parte Zaharrean besteak.

Umeentzako asmatua da Sagueseko «merenge guda», baina agian eguerdi partean eguraldiak askorik laguntzen ez zuelako, aurten txikiek atzera egin, eta nerabeak eta gazteak izan ziren protagonista.

Ez du misterio handirik ekimenak, zinemagileek duela hamarkada asko erakutsi baitzuten irribarreak ateratzeko modu errazena elkarri tartak botatzea dela. Eta horretan jarraitzen dute oraindik ere donostiar umeek eta adinean sartuta izan arren umetasuna galdu ez duten beste lagun askok. Hirian ezagun den gozogile baten eskutik, nahi adina merenge izan zuten festazaleek, elkarri bota eta goitik behera zikintzeko. 500 litro gastatu zituzten.

Egia esan, aurten jende gehiago bildu zen hesien atzean ikusle gisa gorputza zuritzeko prest zirenak baino. Maila ezberdinetan «jokatu» zen partida, adinaren arabera, baina guztiek gustura bukatu zuten jarduna eta izan zen, bai, termometroaren epeltasunari aurre egiten, pilatutako merengea itsasoaren laguntzaz kendu zuenik.

Antzeko adina zuten oso bestelako ekitaldian arratsaldea alaitu zutenek. Piratek estreinako aldiz Kalefesta egin zuten Donostian, hainbat elektrotxarangaren ezinbesteko laguntzaz. Talde bakoitza bere kabuz Parte Zaharrean giroa barreiatuz ibili ondoren, bukaeran Flamenkan batu ziren, zalapartaren oihartzuna biderkatzeko.

Ekimenaren arrakasta ikusirik, ez da dudarik: bete-betean asmatu zuen musika-tresnak generadore bati lotu, gurpil gainean jarri, eta kontzertu ibiltari hauek abiatu zituenak. Hamarkada luzea egin dute elektrotxarangek... eta aurretik dutena.

Izan ere, bertatik gonbita zabaldu zuten, irailaren 6an Bermeon burutuko den Elektrotxarangen I. Topaketarako, Ttak kultur elkartearen eskutik. Ttak bera, Orkestra, Skandalue, Motxaila Band, Txarangazo... horiek guztiek iragarri dute Bizkaiko herrian egongo direla egun horretan, beren trasteekin ahalik eta zarata handiena ateraz.

Etchegarai eta Claverie

Eta gazte eta gaztetxoen artean elektrotxarangena fenomenoa bada, zer esan heldu eta aiton-amonen artean kantujirek duten arrakastaz?

Donostian ohikoa da bertako kantuzaleak kalez kale elkarrekin abesten ikustea, eta atzo Aste Nagusiko bira berezia egin zuten, Parte Zaharrean barrena.

Donostiako udaletxe paretik pasatzean, anekdota esanguratsua gertatu zen. Juan Karlos Izagirre alkatea zen bertan, baita Lapurdiko bi gonbidatu oso berezi ere: batetik, Baionako auzapez Jean Rene Etchegarai, eta bestetik, Biarritzeko auzapezorde Peio Claverie, biak aurtengo hauteskundeen ostean kargua hartutakoak.

Kantujirak geldiunea egin zuen bertan, udaletxeko atarian, eta hirurak -hiru indar politiko ezberdinetako ordezkariak- gustura elkartu ziren gainerako kantuzaleekin, hiruzpalau abesti kantatzeko. Jakina da Izagirrek kantua eta bertsoa biziki maite dituela, bai eta Ipar Euskal Herrian dagoen kantuzaletasun handia ere. Josu Ruiz alkateordea eta Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura arduraduna ere bertan ziren.

Hiriko Kantujirak hamaika urte egin ditu aurten eta osasuntsu segitzen du aurrera.

Dudarik gabe, oso musikala izan zen jaietako laugarren egun hau. Gauean, Esne Beltzaren txanda zen Flamenkan eta Urtz eta Niña Coyote eta Chico Tornadorena, Saguesen.