www.elomendia.com
JO PUNTUA

PSOEren berrikuntza patetikoa

Batzuetan pentsatzen dut Chiquito de la Calzada dela hainbat agintari politikoren inspirazio bakarra. Adierazten duten ikuspegi ahalmena aintzat hartuta, ez dirudi hausnarketa zorrotzik egitea behin ere pentsatu dutenik. Har dezagun, esaterako, PSOEk abiatu duen berrikuntza. Izan ere, zer berritu dute? Tipo zozo bat jarri dute, grisa, aginduak beteko dituena, deus berririk ere esan gabe hitz handiak erabiltzen dituena. Hau da, betikoa.

Oroitzen duzue Rodriguez Zapatero berritzailea? Hark dena berritu behar zuen, estatu eredua, ekonomia, jendartea, pertsonen arteko harremanak. Hura benetako sozialista zen, nonbait, espainiar estatuaren aniztasuna ulertzen eta estimatzen zuena. Bai to! Ezetza Euskal Herriari eta Kataluniari, eta baiezko borobil eta bortitza merkatu eta Europako botereei, agenda neoliberala inposatzeko. Hain izan zen sakona berrikuntza Rajoyri gehiengo absolutuaren ateak ireki zizkiola.

Nola ahantzi, halaber, etxeko PSOEren berritzaileak, Putxe(razo) Lopez eta «ni naiz alderdia» aldarrikatu zuen Robertiko Jimenez? Haiek ere ederki berritu zuten alderdia, eta horregatik, gainbeheran izan duten protagonismoa saritzeko, berrikuntza super-mega-berria zuzenduko dutenen artean jarri dituzte. Halakoek eramanen dute PSOE gaurko desertutik paradisura. Amildegiaren ertzean dabiltza dantzan, lasai asko, hurrengo hauteskundeak irabazteko formula magikoaren bila. «El Pais»-ek lasaitzen ditu noizean behin, berrikuntza txalotuz eta Expediente Xren artean aurkitu omen dituzten hauteskunde pronostiko ederrak zabaltzen. Beharbada, alderdiak eta komunikabideak elkarrekin egin nahi dute jauzi amildegitik behera.

Lurrikarak gertatzen ari dira espainiar Estatuan. Podemos-en emaitza ikusgarri eta eraginkorrez gain doazen eta joanen diren aldaketak. Erregimenaren zauria ez da irri egiten duen tipo baten aurpegiaz estaliko. Egia da ez dakitela besterik egiten. Ez daude hor berritzeko ahalmenaren arabera, berrikuntzari ateak ixteko bokazioaz baizik. PSOEko boto-emaile asko erregimenetik aldendu dira, zapuztuta, haserre, minduta; baina kultura, balioak, erreferentziak, joerak, inertziak, iraganaren zamak eta beldurrak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Lan izugarria egin dute PSOEkoek herritarren ahalmen kritikoa indargabetzeko. Edonola ere, berrikuntzarako aukera galdu dute, berriz ere.