Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Arerioa beti lanean

Uda aitzina doa, hondartzak betetzen dira, trumilka jendek hegazkina hartzen du krisi garaian ahal bezainbat xahutzen baita, oraina gozatzea hobea baita. Munduaren beste puntan ez omen da arazorik; arazoak hemen daude soilik! 1930eko giroa. Alta, sekula baino gehiago sustraietaraino erasotzera joan dira gure etsai hurbilenak. Aski da Etxerateko agiriak eta Seaskako azken berrien irakurtzea jakiteko arerioak lanean daudela gu oporretan gabiltzalarik. Izan ere, hauek ez baitute oporrik behar, zapalkuntzaz asetzen eta indartzen baitira. Horretarako aski funtzionario ordaintzen dute.

30 urte baino gehiago preso den batek dio bake prozesuetan presoek dutela asko ordaintzen. Ez dakit, horrelako esperientziarik ez daukat, hark bai. Haatik uda honetan frantses presondegietan euskaldunek jasaten duten egoera oso gogorra da. Batzuei eguneroko bizitzan trabak jartzen dizkiete, hor administrazioaren ardura guztiarekin. Bestalde, Marseillan euskaldunek zigor ziegetan pasatzen dute denbora gehien, haien bizi baldintzak salatzeko egiten dituzten protestengatik. Horrek duen ondorioarekin. Frantses presondegietako administrazioak ez du bake prozesurik kontuan hartzen, are gutxiago justizia ministroak! Gure aldetik, Ipar Euskal Herriko abertzaletasunetik, ez zaio konturik eskatzen ez boterean dagoen alderdiari, ez ministroari. Hau ez da gure « tradizioan » !

Ziburuko ikastolako burasoek pazientzia handiz ari dira jokatzen bertako Herriko Etxearekin. Auzapezak ez ditu abertzaleak gustuko ados, baina hor euskaraz erakusteko sortu zen egitura ere ez du onartzen. Epaitegietara! Zer gertatzen zaio tokiko eskuinari? Gerla berri bat hasteko gogoa piztu al zaio bat-batean? Euskararen irakaskuntza erabat onartua eta babestua zelako ustea ederki hedatzen hasia zen, behintzat azken urteetan. Seaska ere hautetsi askorekin harreman/elkarrizketa zuzenetan ari zen. Usteak erdi ustel? Baliteke beste gogoeta batzuk ibiltzea zenbait muturretako politikariren artean. Ez genuen pentsatzen Ziburuko auzapeza horietakoa zenik. Ekintzek erakusten dute benetako izaera. Behintzat, epaitegiak ez dio Herriko Etxeari arrazoirik eman. Ikastolak aterpea dauka ikasturtea hasteko. Inseguritatean sentituko dira burasoak, alternatiba bilatzen jarraitu beharko dute. Udan gertatu da; oihartzun txikiagoa izan du gertaerak. Ondorio luzea ukan lezake.

Arerioak ez du inoiz besorik apaltzen, Hollandek deitzen duen «Batasun nazionala» beti martxan dute, gure eskubideen zapaltzeko. Orreagan garaitu genituen!