Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Gezurraren osteko egia

Bi milatik gora hildako. Azken orduetan, hogeitaka gehiago; zutabe hau argitaratzerako, batek daki. Herenegun Israelek Gazako zerrenda bonbardatzeari ekin zion atzera berriro, «palestinarrek hiru suziri jaurti ostean». Elkarri egotzi diote bi aldeek menia hautsi izana. Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan ez dago zalantzarik.

«Hegi babesgarria» operazioa bahitutako hiru gazte judu hilda agertu zirenean hasi zen. Israelek Hamasi leporatu zion gazteen hilketa; Hamasek, berriz, ukatu egin zuen. AEBetan eta Europan ez zegoen zalantzarik. Gazte palestinar bat bahitu, torturatu eta hiltzeak ez zuen munduaren izu-ikara eragin. Konprenigarria, ohiko gertakaria izaki. Zenbait egun geroago, Christian Sievers kazetari alemaniarrak gazte israeldarren bahiketaren inguruko ikerketaren berri eman zuen. Haren arabera, israeldar batek bahitu eta hil zituen, kontu ekonomikoak tarteko. Eta Netanyahu lehen ministro israeldarrak informazio hori estaltzeko agindu zuen. Hala ere, sarraskirako arrazoiak (desarrazoiak) bere horretan zirauen. AEBek eta Europak ez zuten zalantzarik egin: Israelek bere burua defenditzeko eskubidea du.

1990eko abuztuan Irakek Kuwait inbaditu zuen. NBEk soldadu irakiarrek atzera egiteko eskatu zuen. George Bushek eraso nahi zuen, baina bere herrialdeko iritzi publikoa zatituta zegoen esku-hartzeari dagokionez, harik eta Kuwaiteko ospitale bateko erizain gazte batek, Kongresuaren batzorde baten -eta telebista kameren- aurrean, negar batean kontatu zuenak mundu osoa astindu zuen arte. Irakeko Armadak bere ospitalera sartu eta bertako inkubagailu guztiak deskonektatu omen zituen, hirurehun haur lurrean hiltzen utzita. Hura gezurra zela erakutsita ere, inork ez zuen txintik esan. Eta gezurra zen, hala berean, neska hura erizaina zela. Kuwaiteko enbaxadorearen alaba zen, antzerki-ikaslea. Are gehiago, Sadam Husseinek, bere Armada Kuwaitera sartu baino lehen, AEBek Iraken zuten enbaxadore April Glaspiearekin bildu eta inbasiorako «baimena» jaso zuen.

Hamar urte geroago, beste gerra bat piztu zen Iraken, herrialde hark omen zituen arma kimikoak zirela-eta. Bush semeak berak ere onartuko zuen gezurra zela. Gezurra, haren ondorioak ez bezala.

Eta herenegun Gazatik hiru suziri jaurti zituztela egia balitz? Horrek ez luke ezertxo ere aldatuko. Esango dute hiru suzirik menia hautsi dutela. Palestinarrak, Israelek -eta Egiptok- blokeatuta, astiro hiltzen jarraitzeko menia. Eta AEBak eta Europa, gezurra badirudi ere, Israelek bere burua defenditzeko eskubidearen alde.