Naturan bildutako enbor eta adaxkak lanabes eta inspirazio iturri
Eguna basoan ematen du, zuhaitzez inguraturik. Naturak berak begien aurrean erakusten dion forma eta kolore aberastasuna ditu inspirazio iturri etxera joan eta mendiko ibilaldietan bildutako enbor, adaxka eta harriak artelan bihurtzen dituenean. Zegamako Anduetza parketxean ikusgai daude Imanol Artolaren lanak.

Basoak hartu du azken asteotan Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentroa. Zuhaitz zatiak eraikin barrura sartu dira. Egurrarekin batera, harriak, herdoildutako alanbre zatiak edo beira puskak. Denak dira naturan aurkitutakoak. Gehienak mendian eta badira itsas ondoan jasotakoak ere.
Hasieran egurra zen material ia bakarra, baina pixkanaka aberastuz joan da. «Bidoi zahar bat ikus dezaket, zaborra, eta huraxe hartuta itzultzen naiz. Txirbila ere erabiltzen dut», kontatu du Imanol Artolak.
Ez da haien bila propio joan. Esan daiteke eurek aurkitu dutela bera. «Etxetik ez naiz ezeren bila propio ateratzen, gustukoa dudan zerbait ikusten dudanean hartu egiten dut», azaldu du.
Egurra esku-eskura du Imanol Artolak bere eguneroko jardunean. Hogei urtetik gora daramatza basozain. Oñati eta Antzuolako mendi bideak eta zoko ezkutuak ederki ezagutzen ditu, bertan egiten baitu lan. Egurra ofizio eta afizio.
Natura bera du lanabes eta inspirazio iturri. Eguna basoan ematen du zuhaitzez inguratuta eta arreta deitu dion enbor bitxi hau hartuko du gaur etxerako bidean; deigarria egin zaion beste harri hura bihar. Elkarrekin uztartu eta artelan bihurtzen dira Artolaren eskuetan.
Ez zuen sekula pentsatu arte munduan arituko zenik. Ezta sormen prozesuak zenbat beteko zuen ere. «Erabat lotu nau», dio.
Ia oharkabean hasi zen artelanak sortzen. «Egur zatiak oso politak zirela ikusi eta bata bestearekin elkartzen eta lantzen hasi nintzen», dio.
Bi urte eman ditu erakusketan ikus daitezkeen 65 artelanak egiten. «Batzuek oso beta ikusgarria zeukaten, kolore ezberdina... Aspalditik neukan buruan egurra erabiliz zerbait egiteko asmoa», kontatu du.
Natura bere horretan errespetatu nahi du. «Jasotako materiala ahalik eta gutxien eraldatzen saiatzen naiz. Izan ere, bere horretan dago ederren. Zenbat eta gehiago landu, orduan eta gutxiago gustatzen zait», dio.
Egurrari ez dio tratamendu berezirik ematen. «Asko jota argizari pittin bat ematen diot, besterik ez. Ez da kasik nabaritzen, ez da kolorea aldatzen», adierazi du.
Tartean, aspalditik etxean gordeta zuen materialak ere orain ikusi du argia. «Hor nituen, ez nekien ondo zertarako...», esan du irribarrez. Orain aurkitu du erantzuna. Ez dauka zalantzarik. Natura bera da inspirazio iturririk onena.
Bigarren erakusketa du Zegamakoa. Oñatiko Natur Eskolak gonbidatuta bertako Kultur Etxean egindako erakusketa akuilu izan du aurrera egiteko bidean. «Jendeari gustatu egin zitzaion eta segitzera animatu nau».
Zurarekiko lilura ezagun du Artolak. Euskal Herriko zuhaitzen enbor bilduma osatua du. Zegamako Anduetza parketxean dago bisitarien zain eta erakusketarekin batera bisita berean ikus daiteke. Gure artean garatu diren zuhaitz espezie guztien enbor zatiak bildu ditu, 173 ohol txiki denera. «Kanpotik ikusita ezagutzen ditugu, hostoengatik edo fruituagatik dela, baina barrualdea erakustea interesatzen zait niri», nabarmendu du. Horrela, enborrak ebakita ikus daitezke, eraztunak agerian dituztela.
Bilduma abiapuntutzat hartuta xiloteka osatu du Artolak. Mundu osoko zuhaitz espezien lagina bildu du bertan, 1.500 jasotzeraino. «Ez dira asko, pentsa 100.000 zuhaitz espezie inguru izango direla mundu osoan», adierazi du.
Hasteko, Euskal Herriko mendietara jo zuen. «Euskal Herrian 200en bat egongo dira eta horietatik erdia kanpokoa da. Euskal Herriko espezie autoktonoak ez dira hainbeste».
Ondoren atzerrira. «Costa Ricara joan eta Europa osoan baino espezie gehiago aurkitzen dituzu han. Lurraldez oso txikia da, baina sekulako aberastasuna dauka. Internet bidez ikusi nuen munduan zehar xilotekak badaudela -AEB, Belgika, Alemania, Costa Rica, Kuba...-eta haiekin harremanetan jarri eta elkartrukean aritu nintzen. Horrez gain, lagunek ere ekarri izan dizkidate bidaietatik eta nik neuk ere bai», argitu du.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
