Nerea GOTI
Udate | Bilboko Aste Nagusia

Erraldoi bikoteak dantza betean Aste Nagusiari amaiera emateko

Euskal Herriko puntu ezberdinetatik heldutako hogei erraldoi bikotetik gora Alde Zaharreko kale estuetan zein Areatza zabalean dantzan, irudi ederra utzi zuen Bilbon atzoko goiz distiratsuak. Marijaiaren agurrerako ordu bakar batzuk faltan, adin guztietako familiak eta gaupaseroak dantzan ipini zituen ekitaldiak, herrialde ezberdinetako gaiteroen doinuak lagun.

Goi mailako amaiera eman zioten atzo erraldoiek Aste Nagusiari, bilbotarrek euren neurri bereko Marijaiari agur esan aurretik. Buruhandi, ipotx eta zaldikoekin laguntzarekin, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako erraldoiak dantza betean aritu ziren Bilboko kaleetan hamarnaka gaiteroen doinuetara. Goiz distiratsuak puntu beltza izan zuen, baina, atzokoan Bilbon. Izan ere, gauerdian Ibaizabalgo itsasadarreko uretan izandako gazte baten heriotzaren berria zabaldu zen jaizaleen artean. Ahoz aho ibili zen berria kalejiran, askok orduantxe jaso baitzuten albistea.

Berri txarrak jasoagatik, baina, zaila da jai giroa erabat zapuztea festak bukatzeko ordu bakar batzuk falta direnean. Hala, goizak irudi ederrak utzi zituen Alde Zaharrean hogei erraldoi bikote baino gehiago gaiteroen doinuen esanetara dantzan ikustean. Milaka argazki egiteko parada izan zuten familiek, eta txikienek begiak zabal-zabalik eman zuten goiza, erraldoiekin txundituta.

Donostiako Irrintzi erraldoi konpartsak, adibidez, Ilargi, Eguzki eta Lurra erraldoiak paseatu zituen atzo Bilbotik. Zamaltzain, joaldun eta ipotxak ere eraman zituzten Bilbora donostiarrek, eta, esan zigutenez, laster dituzten konpromisoen artean, Boiserako (AEB) bidaia bat ere badute.

Bergarako konpartsak Madalena, Simon, Marisa eta Peru erraldoiak gehitu zituen kalejirara, baita Felixin eta Guti erraldoi txikiak ere. Arrasatetik iritsitako Gomez-Gonzalez Butroikoa, Elvira Leibakoa, Martin Bañez Atazubiaga eta Santxa Otxoa Ozetakoa ere harro-harro ibili ziren Bilboko kaleetan zehar. Ondoan, Bilboko erraldoiak ere izan zituzten. Besteak beste, Bilboko Alde Zaharreko Mairuek konpartsako Aititte Matsorri, Jostune, Angulerua eta Kargerue, Isabelino eta Karlista zaldikoekin eta Arrupe Apaiza eta Unamuno buruhandiekin batera.

Katalintxe, Garcia de Asiain eta Maritxu Iruñeko Sanduzelai auzoko erraldoiak ere bertaratu ziren Bizkaiko hiriburura, Sanduzelaiko D ereduko institutuan ematen den masifikazioaren berri emanez. Kanbotik etorritako Mattin, Lorentza, Xane eta Argitsu ere ez ziren falta izan.

Dultzaineroen artean ere ez zen atzo laguntza faltarik izan Bilbon. Tutera, Baztan, Iruñea, Eltziego, Zangoza edo Artaxonatik etorritakoak aritu ziren, besteak beste, Bizkaikoekin batera. Kalejiraren etenaldi batean, Bilbon oso ezaguna den Javier Lakuntza omendu zuten erraldoi konpartsek eta gaiteroek. «Erreferente bat da gaiteroentzako eta musikaren munduan», azaldu zuten, omenduak Aste Nagusiarekin izandako lotura nabarmenduz. «Esango nuke Aste Nagusiko urte guztietan, egunero, jotzen ibili dela», nabarmendu zuten omendutako gaitero nafarraz.