Arinagoa izateak garrantzia dauka
Lopetegi eta Telleria IV.a berdinduta geratu ziren Zarautzen, baina aurrenekoak kilo gutxiago pisatzen ditu, eta horrek txapela eman zion.

Lopetegik irabazi zuen herenegun arratsaldean Zarautzen jokatu zen kintopekoen Euskal Herriko Txapelketa. Bera zen txapela lortzeko faboritoa, eta aurreikuspenak bete egin ziren, nahiz eta galtzeko zorian ere izan zen. Amaieran bera eta Telleria IV.a berdinduta geratu ziren. Berdinketaren kasuan, kilorik gutxien pisatzen dituen harri-jasotzaileak irabazten du, eta Lopetegi zen arinena. 91,2 kilo pisatu zituen Lopetegik, eta 92,8, berriz, Telleriak.
21 urte baino gutxiago dituzten lau harri-jasotzaile lehiatu ziren Zarauzko plazan, eta jende ugari batu zen finala zuzenean ikustera. Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko kubikoa erabili behar izan zituen, eta, bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiru minutuko txanda izan zuten.
Lanean hasten lehena Telleria IV.a izan zen, eta zilindro zaharra 37 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean. Atzetik joan zen Lopategi, txapela lortzeko faboritoa, eta zarauztarrak aurrekoaren marka berdindu egin zuen. Lanean hirugarren aritu zena Olaizola izan zen, eta berak 22 aldiz jaso zuen harria. Azkena, berriz, Eizagirre aritu zen zilindro zaharrarekin, eta zarauztarrak ere ez zuen lan txarra egin, baina lehen saioaren ostean hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 28 jasoaldi lortuta.
Azkenik, kubikoaren txanda etorri zen, eta horrek erabaki behar zuen finala. Berriro ere Telleriak ekin zion lanari, eta marka bikaina egin zuen, harria bizkarrean 22 aldiz berdinduta. Atzetik, Lopetegik ezin izan zuen Urnietakoaren marka hobetu, baina bai berdindu, eta azkenean berak ere 22 jasoaldi lortu zituen. Horrekin, amaieran kirolari bakoitzaren pisuak erabaki zuen.
Lehen postua erabakita, hirugarrena zegoen jokoan hortik aurrera. Olaizolak 13 aldiz jaso zuen kubikoa, eta garbi zegoen oso zaila izango zuela azkeneko postu horretatik ihes egitea, eta horrelaxe izan zen, amaieran azkena geratu baitzen.
Hirugarren postuan amaitu zuen lehen saioa Eizagirrek, eta jakinda aurrenekoa lortzea ia ezinezkoa izango zela, hirugarren postu horri eustera joan zen zarauztarra, eta eutsi egin zion, izan ere, 19 aldiz jaso zuen harria, eta horrekin hirugarren amaitu zuen.
Aipatzekoa da, baita ere, lanean aritu ziren lautik hiru, Lopetegi, Eizagirre eta Olaizola, Izeta II.aren eskolakoak direla. Aiarrak, gainera, harri-jasotzaile gehiago ere baditu bere eskolan. Kirol honen jarraipenerako lan handia ari da egiten Izeta II.a.
Hemendik aurrera askotan entzun beharko dira gazteen izenak ere
Gazteak ere atzetik indarrean datoz, eta hori Zarautzen jokatu zen finalean baieztatu ahal izan zen. Txapelketan parte hartzeko gehieneko adina 20 urtekoa zen, eta, beraz, etorkizun handiko harri-jasotzaileak neurtu ziren kintopeko finalean.
Norgehiagokan aritu zen zaharrena Eizagirre izan zen, 20 urterekin, eta bera da datorren urtean aritzerik izango ez duen bakarra. Beraz, ikusi besterik ez dago nolako etorkizun oparoa daukan harri-jasotzeak.
Lopetegi eta Telleria berriro ere datorren urteko finalean aurrez aurre izango dira, ezeren okerrik ez dela, eta beste urte bat gehiagorekin; ederra izango da.
Herenegun, gainera, final honetan Olidenek jarrita zeukan marka berdindu egin zuten, eta, gauzak okertzen ez badira, hurrengoan hobetu egin lezakete. J.L.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
