Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Jay J. Adams: Skatearen aita oharkabean joan da

Skatea, surfa eta bizitza ulertzeko modu erradikal bat irudikatu eta aro berri bati ateak ireki zizkion gizona zendu da.

Oharkabean pasa da egun mundu osoan hedatua dagoen kirol edo jarrera baten aita izan zenaren heriotza. Jay Adams, 53 urterekin hil zen pasa den abuztuaren 15ean, Mexikoko Puerto Escondido hirian.

Paradoxikoki, skate bezala ezagutzen dugun kirolari forma eta izaera eman zion pertsonaia surflaria zen, surflaria zelako hasi zen skatean ibiltzen eta surfean aritu ostean hil zen.

Surf giroan hezia

Atzera begira, surflariak asfalto gainean surf egiten hasi ziren garaira joateko, ezinbestean, garaiko girora jo behar da. Bob Dylanek idatzi eta Jimi Hendrixek abestu zuen kantaren lehen akordeek adierazten dute unearen indarra: «There must be some kinda way outta here» -hau da, lehen ahapaldiak berak argi uzten duen bezala, hemendik ateratzeko moduren bat izan behar da-.

Ihes egiteko gogoz hazi zen Jay J. Adams Kaliforniako kaleetan. Izenean daraman «J» tartekatua ere adierazgarria da oso; inizial itxura izan arren, inongo izenik adierazten ez duen letra soila baita. Izan ere, Adamsek ez zuen inoiz bere aita ezagutu eta surf denda batean lan egiten zuen Ken Sherwood izeneko aitaorde batekin hazi zen. Hark sartu zuen uretara lehen aldiz, 4 urte baino ez zituela, eta, ordutik, surf giroan hezi zen.

Vietnamgo gerra eta mugimendu hippya puri-purian, garaiotan emandako paradigma aldaketaren adierazgarri garbia ziren surflariak. «No reason to get excited», jarraitzen du abestiak, ez dago, beraz, asaldatzeko arrazoirik. Baina, droga, sexu askatasun eta «Peace and Love» giro hartan, askoz ere erradikalagoa izango zen belaunaldi bat ari zen sortzen. Piztia ernaltzen ari zen.

Oraindik ez zegoen alderik patinetean edo surfean aritzen zirenen artean, skatea, lehorrean surf egiteko modu soila baitzen. Patinetean ibiltzeko modua oso akrobatikoa zen. Slalom lasterketak eta patinete gainean egiten zituzten gimnasiak ziren nagusi. Itzuliak, patinete txikien gainean ematen zituzten pausoak, eseri, etzan... Irudimenak agintzen zuen. Baina erreferentziarik ezean, irudimena bera ere ez zen nahiko, harmoniarik gabeko ariketak egiten baitziren. Nolabait esatearren, musika falta zen.

«But you and I we've been through that, and this is not our fate». Baina zuk eta nik hori bizi izan dugu eta hau ez da gure destinoa. Jarraitzen du abestiak.

Z-Boys taldea

1975. urtean Kalifornia hegoaldeko Del Mar hirian egin zen skate txapelketan irudikatu zen garai berrien etorrera. Jay Adams eta bere lagunak Z-Boys taldea osatzen zuten (Zephyr Skate Team), eta horrela agertu ziren lehiaketa hartan.

Urte horretan bertan sortu zen lehen skate aldizkariak honela deskribatu zituen: «Skate talde bat baino, kaleko gaizkile kuadrilla baten antz handiagoa dute».

Epaileak ez zeuden ikusten ari zirena behar bezala puntuatzeko prestatuta. Haur haiek oldarkorrak ziren eta kaosa antzezten zuten abiada bizian, baina egiten zituzten ariketak zailak ziren, berritzaileak, eta, gainera, elkarren artean lotuta zeuden; deabruak idatzitako partiturak jarraitzen zituztela zirudien.

Zoru lauaren gainean, olatu borobiletan egin zitezkeen ariketak antzezten zituzten, eta, horrela, ariketen dimentsioa ulertzeko irudimena erabiltzea ezinbestekoa zen. Epaileak ez zeuden prest, ezta ikusleak ere, baina bazen neska-mutil haiek erakusten zuten jarrera oldarkor hartan erakargarri bihurtzen zituen zerbait: autentikoak ziren.

Jay Adams izan zen pistara ateratzen lehena. 13 urte zituen eta deabruak hartuta zegoela zirudien; ikusleak txundituta utzi zituen, aho zabalik. Hirugarren postua eskuratu zuen.

Garai hartan gertatutakoren berri ematen duen filma 2005. urtean argitaratu zen: «Lords of Dogtown». Filmean Z-Boys taldearen historia kontatzen da eta protagonista nagusia den Emile Hirch aktoreak Jay Adamsen papera antzezten du. Arrakasta handia izan zuen filmak.

Halere, bada aipatu film horretan akats esanguratsu bat; izan ere, Jay Adams eskuin surflaria zen, alegia, regular bat zen. Filmean Adamsena egiten duen ordezkoa, berriz, goofy bat da, alegia, ezker oina darama atzean.

Z-Boys taldea osatu ostean arrakasta handia izan zuten txima luzeko surflari haiek. Surfean egin ezin zitekeena lehorrean egiteko prestatzen ari ziren, baina, batez ere, jarrera bat erakusten zuten. Egun skatea ulertzeko modua den izaera horri forma eman zioten lehen kideak izan ziren, eta haien artean gehien nabarmendu zen morroietako bat Jay Adams izan zen.

Bere laguna zen Tony Alvak ezin hobeto deskribatu zuen haien izaera 1976. urtean egin zioten elkarrizketa batean. Adams aipatzen zuen, lagun eta skater onena bezala. Elkarrizketatzaileak erasokorregiak ez ote ziren galdetuta, horrela erantzun zuen Alvak: «Egia da. Elkarrekin gaudenean garen bezalakoak gara. Ez duzu inoiz aurkituko ni eta nire lagunak bezalako beste talderik; halakoak gara, harroak, agresiboak, asaldagarriak eta, agian, ezjakinak ere bai. Skate egiten dugunean, hitz egiten dugunean, surf egiten dugunean, parrandan aritzen garenean edota bidaiatzen gaudenean, gu geu gara».

Esan, egin eta izan

Ez zen, beraz, patinete gainean egiten zutena bakarrik, egiteko modua ere bazen, eta gehiago, skateaz harago, bizitzan zehar izateko jarrera bat ere bazen. Christian Hosoi munduko skater onenetakoak honela deskribatu zuen Jay Adams laguna: «Jayek gure kultura eta bizimodua irudikatzen ditu, dena batean».

Eta jarraitzen du Hendrixek abesten, «So let us not talk falsely now, the hour is getting late, hey». Ez da faltsuki hitz egiteko momentua, berandutzen ari da...

Patinetean ibiltzeko beste modu bat bazela munduari erakutsi ostean, haien bidea egiten jarraitu zuten Jay Adams eta bere lagunek, eta kirol honen bilakaeran berebiziko garrantzia izan zuen beste urrats bat eman zuten, ia oharkabean, 70eko hamarkadan. Garai horretan Kalifornian sekulako lehortea izan zen eta finka pribatuetako igerileku gehienak hutsik zeuden. Zer hobeagorik olatu bat antzezteko?

Horra hor egungo skate parke eta arrapalen hastapena. Garai hartan Jay Adams eta bere lagunak beren puntu gorenean zeuden, baita skatea bera ere; ezinezkoak ziruditen birak egiten zituzten, haien irudiak munduan zehar zabaltzen hasi ziren, eta gaztetxoek haiek bezalakoak izan nahi zuten. Jabetza pribatuetan sartu, poliziarengandik ihesi ibili... diziplinarik gabeko kirol bati forma ematen ari ziren. Ez zen haientzako lekurik Olinpiar Jokoetan, ezta gizartean ere.

Babesleei esker diru apur bat egin ahal izan zuen Adamsek, baina 80ko hamarkadan skateak behera egin zuen eta Adams kaleetan desagertu zen. Heroina menpekotasunak erabat harrapatu zuen eta arazo handiak izan zituen; birritan atxilotu eta espetxeratu zuten. Heroinaren kontrako borrokak luze jo zuen. Tarteka, drogak utzi eta berriz ere surf egiteari eta skatean ibiltzeari ekiten zion, baina behin eta berriz erortzen zen zulo beltzean.

Azken urteetan «garbi» zen Adams. Allen Sarlo bere lagunarekin zen Mexikon surf egiten pasa den abuztuan. Egun osoa surfean aritu ostean bularreko mina zuela esanez erretiratu omen zen Adams lo egitera. Ez zen esnatu hurrengo goizean. Bi zaldizko ari ziren gerturatzen, eta haizea uluka hasi zen... «Two riders were approaching, and the wind began to howl, hey», dio abestiko azken estrofak.