GARA ERRENTERIA
Udate

Errenteria, Atlantikoko herrien musika eta kulturaren topagune Atlantikaldia jaialdian

Atlantikoa konpartitzen duten herrien kultura eta musika jarriko ditu harremanetan irailaren 18tik 21era Errenterian ospatuko den Atlantikaldia jaialdiaren lehendabiziko edizioak. Atzo aurkeztu zuten Donostian Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Vicente Zaragueta Aquariumeko presidenteak, Laura Landa Errenteriako Udaleko kultura teknikariak eta Xabi Paya Donostia 2016ko zuzendari teknikoak, Europako Kultur Hiriburua Fundazioak babestuko baitu jaialdia.

Prentsaurrekoan azaldu legez, helburua «Errenteriak itsasoarekin historikoki izandako lotura berreskuratzea da». Horretarako, ondare hori partekatzen duten beste herri batzuekin elkarlanean, lau egunetan zehar 50 ekitalditik gora antolatu dituzte, musikaz gain, erakusketak, artisau azoka, dantza emanaldiak, bisita gidatuak, hitzaldiak, eta abar.

Jaialdiaren ardatz izango den Oiartzun ibaiaren inguruan antolatuko dira ekitaldiak, irailaren 18ko arratsaldeko seietan egingo den inaugurazioa barne. Egitarauan musika izango da nagusi, eta kontzertu entzutetsuenak hilak 18an, 19an eta 20ean izango dira. Ostegunean, Carla Pires fado abeslari portugaldarra eta Bidaia, Mixel Ducau eta Caroline Phillipsek osatutako bikotea arituko dira. Ostiralean, De Temps Antan Quebeceko hirukotea eta Irlandako folklore tradizionala jorratzen duen The Bonny Men taldea. Larunbatean, azkenik, Hamdacha, DJ Click eta Celtas Cortos. Gainera, itsasoarekin harremana gordetzen duten artisauen lanak egongo dira erakusgai. Hitzaldiak, berriz, askotarikoak izango dira, besteak beste, XVI. mendeko jantziena, sokagileena, belagileena... Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Oroimen historikoa berreskuratzeko saiakera bati erantzuten dio jaialdiak, Mendozak azaldu zuenez. Ordea, zehaztu zuen saiakera hori ez dela «iraganaren berreskuratze nostalgiko baten ariketa gisa» burutuko: «Etorkizuna eraikitzeko beharrezkoa den ariketa dela ulertzen dugu, ezinezkoa baita galdutako identitate kolektibo batetik ezer eraikitzea».

1590 eta 1730 bitartean Euskal Herriko ontzigintza gune garrantzitsuenetarikoa izan zen Errenteria, horregatik, neurri handi batean, itsasoari lotuta bizi izan da herria bere historiako zati luze batean. Itsas merkataritzan erreferentea izandakoa da Errenteria, eta udalerriaren ekonomian pisu handia zuen ontzigintzak. Horren lekuko, itsasoarekiko lotura erakusten duten hainbat armarri daude Errenterian. Horietako bat, hain zuzen, izango da jaialdiaren logotipoa: Beheko Kaleko ateburua.