Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

«Extra ecclesiam nulla salus»

Antzinako Europako kristautasunaren ideia hori zen: Elizatik kanpo ez dago salbaziorik. Gero, ideia hori, Maximilien Robespierre eta gillotinaren eskutik, «extra stato nulla persona» bilakatu zen, hots, «Estatutik kanpo ez dago pertsona legezkorik». Europako estatu modernoen sorreran oinarrizkoa izan zen. Estatua jainkotu egin zen, Jainkoa politiko bihurtu, eta, politika, sakratu.

Atzo ikusi nuen Eusko Jaurlaritza osoa Munilla obispoaren ostiak Arantzazun hartzen. Eta lotu nezakeen sarrera hau horrekin, baina ez. Bere desolazioan utziko dut. Ez da motibo faltagatik, baina erraza, errazegia deritzot kontu horrekin tematzeari. Horra Gobernuaren maila, horra arazoaren esplikazioa: mailarik eza. Eta minkidearen aitona Luxiok esango zukeen bezala, ez dagoen tokitik ez dago ateratzerik.

Beste norabait luzatu nahi dut begirada. Hain zuzen, munduari begiratu eta azkenaldiotan irakurtzen ari naizen kontu batera: Erdi Arora bueltatzen ari gara, garai ilun eta basatienetara. Gurutziltzaketak, buru mozketak, kalifak... eguneroko ogi ditugu. Ez da Jesukristo, Robespierre edo Mahoma profetaren ondorengorik gogoratu beharrik. Ehunka, milaka bideo daude zirkulazioan izugarrikeria horiek erakutsiz, nahiz eta eskandalua soilik moztutako burua kazetari estatubatuar batena denean sortzen den.

Ez daukat argi, baina, Erdi Aroko barbaroak ote diren horrela jokatzen dutenak. Are, uste dut jende horren pentsamendua oso modernoa dela, eta, nolabait, mendebaldar tradizioan errotuta dagoela. Ez, ez dut uste iraganera bueltatzea nahi dutenik. Ez. Modernoa eta mendebaldar kultura eta historiarekiko zordun dela uste dut.

Begira dezagun Frantziako Iraultza, aipatu antzinako ideia kristau horren sekularizazioa. Elizatik kanpo ez dago salbaziorik, Estatutik kanpo ez dago pertsona legezkorik. Beltzez mozorrotzen den kalifa horrek ez al du berdin-berdin egiten Estatu Islamiko batetik kanpo ez dagoela musulmanik esatean? Egun indar ikaragarria duen «gure» ideia zaharraren errima modernorik ez al du horrek?