Maider Eizmendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Sinesgaiztasuna argudio

Gaztea, indartsua, bizitzak jarritako zailtasunak onartu eta haiei aurre egitea airoso lortu zuena, ahaleginaren ahaleginez; traba berak dituzten pertsonentzat -eta ez dituztenentzat- eredua; ia heroia.

Kartekin eraikitzen diren gazteluak mahaiari ostiko egitean erortzen diren zalaparta berarekin erori zen, ordea, gauetik goizera, Oscar Pistoriusen irudia. Lau tiro eman eta neskalaguna hil zuen «heroiak», lapurren aitzakian, beldurraren izenean.... Neskalaguna komunean zegoen atea itxita eta eskuak aurpegian zituela, hark ere bere burua babestu nahi edo beharko balu bezala. 2013ko otsailean hil zen Reeva Steenkamp.

Kasuak sekulako zalaparta eragin zuen korrikalariaren jaioterrian eta haren mugetatik harago ere bai. Zergatiak bilatu nahi zituzten guztiek, urtean eta egoera berean hiltzen diren emakume kopuruari erreparatu gabe. Bai, halako kasuak gertatzen direnean beti sortu ohi da sinesgaiztasun sentsazioa, nekez uler baitateke teorian maite zaituen edo maite izan zaituen inork pixkanaka edota kolpean hil nahi izatea. Guztiak dira «normalak», asko «atseginak», eta gehienak portalean gurutzatu eta bizilagunei kasu egiten dakitenak... Horretaz guztiaz gain, Pistorius eredu zen, sona lortu zuen kirolaria, heroia, eta, gainera, aberatsa. Sinesgogortasuna, beraz, are eta handiagoa.

Argudio asko entzun dira heriotza gertatu eta epailearen epaia -ez dio hilketarik egotzi- entzun arte. Ez dira izan emakumeen aurkako indarkeria mundu guztian eta gizarteko maila guztietan hedatzen dela azaltzeko, ez; askok korrikalariaren zintzotasuna defendatzea beste helbururik ez dute izan. Hortik bere malkoen balioa, bere ahots dardartiaren esanahia, bere jarrera beldurrean arrazoitzeko tema.

Erabilitako argudioek etxean zirrara eragin zuen pareko kasu bat dakarkidate gogora. Bai, orduan ere inork ezin zuen sinetsi, baina Diego Yllanesek Nagore Laffageren bizitzarekin amaitu zuen bortizki.