Hezurrak mamitu, hezurduran
Nonbait irakurri dut egunotan Ipar Amerikan haizete gogorrak direla. Mendebala. Eta ulertzekoa da, oso, Eskoziako emaitzak jakin berritan Europan buru diren asko baino gehiago, tartean buruhandiak eta artaburuak, aldi berean puzka hasi baitziren, batzuk behetik ere, kontinente zaharraren mendebaldeari begira putz egin ere. Ufa! Eta hortik ufadak! Denbora baterako lasaitu ederra hartu dute horiek, Ez Blokekoak babestu dituzten horiek; EB ulertzeko beste modu bat. Gure esku dago usteak ustel esaldia gauzagarri egitea. Baina momentuz dagoena dago eta ez dagoena balego; han, hor eta hemen. Helburua baino aberatsagoa dela helbidea, hori gogoan. Helbideak borondate politikoa baino askoz ere gehiago behar duen seinalea. Denbora ez dela pasatze bat, betetze bat baizik. Izatea ez da nahikoa, egitea da funtsa. Ikasgai ederrak utzi dizkigute kaledoniarrek hemengo neguan udako ikastaroak egin ditzagun. Baina Pirinioetako ekialdetik ere datozkigu ikasgaiak. Kurtso politiko berria bai, ikasturtea gero!
Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Bai horixe! Gaurko estatuak unibertsalerako helbide-unitate hartzen dituzten horiek estreinakoz ikusi dute euren burua, eta burukoa bera ere, tamainako erronka baten aurrean, hots, estatu-arimaren muga sakratuen zergatia besteei justifikatzen. Eta hortxe izan dira hortzen karraskak eta jantzi urradurak. Amildegi ertzetik euren lege handietan idatzita ez dagoen huts zabalari begira, burua hutsik, mundua, eta planeta bera, ulertzeko beste modu bat izan daitekeela sinistu ezinean, tradiziozko bidetik apartekoa. Eta erronka-bide horrek bere horretan dirau, emaitzak emaitza, bide hori helbide hartzen dutenentzat. A zer diskurtso eskasa Ez Blokekoena! Ama, ama! Non dute horiek materiaren grisa? Irletako buru bati bihotza hautsiko zitzaiokeen baietza nagusituz gero. Zezen-larruko buru batek boto aukera bera ukatzen du, larru erdiko zati bateko biztanle gaixoak muturreko zati bateko biztanlearen giltzurrunak izateko aukeraren aitzakian. Ene, ene! Usteak ustel! Total, anatomia kontua. Bai, Europa horrek azala dauka gehiago hezurra baino. Poeta andaluziarrak zioenez, gaixo egotea baino okerragoa da sendagile txarra izatea. Hortaz, joan gaitezen hezurdurako hezurrak mamitzen, erronkaren osasunez.

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
