Andoni ARABAOLAZA
Entrevue
ANDER LASAGABASTER
ESKALATZAILEA

«Orain arte egin ditudan bide guztien artean `Celedon' bost onenen artean dago»

Ander Lasagabasterri egin dizkiogun elkarrizketetan maiz aipatu izan digu bere burua ez zuela ikusten muturreko zailtasunean. «Il domani» bidearekin, baina, bederatzigarren esferan sartu zen, eta argi utzi du ez zela kasualitatea izan. Duela gutxi, bere bigarren 9a graduko xedea erdietsi du («Celedon», Ilarduia), eta, hala, badirudi arrasatearra bere tokia egiten ari dela zailtasun horretan. GARAri eskainitako hurrengo elkarrizketan Lasagabasterrek bere azken xedea aztertu digu.

«Il domani» kateatu ondoren, 9a batzuk probatu dituzu, baina azkenean «Celedon» helburu hartu zenuen. Zergatik?

Egia esateko, ez ditut hainbeste probatu. Baltzolan, «Iñi Ameriketan», eta, kanpoan, «Estado crítico». Lehenengoa, niretzako, probatu nuen momentuan, oso gogorra iruditu zitzaidan, «Il Domani» baino gogorragoa; eta, bestea, kanpoan dagoenez, zaila da probatzerako orduan. Bestalde, gogoa nuen ere Baltzolatik kanpo eskalatzeko eta Ilarduia ondo etortzen zitzaidan lekua da. «Celedon» bideak, egia esan, beti erakarri izan nau.

Aitortu behar da «Celedon» bidean mugimendu handia izan dela. Hor egon zarete jo eta su bideari ematen eskalatzaile asko. Lasai asko esan daiteke modako bide bat bihurtu dela. Batzuek nahiago izaten dute proiektu bati lasai eta eskalatzailerik gabe ekitea. Zure kasuan, gustura aritu al zara hainbeste mugimendurekin?

Orokorrean nahiago izaten dut lasaiago eskalatzea, baina, oraingo honetan, lagun artean aritu gara, eta horrek ere lagundu du. Giro polita izan dugu gure artean, eta elkar laguntzen jardun dugu.

Hilaren lehenbizikoan «Celedon» poltsikora eraman zenuen. Nolakoa izan da bide horretan izan duzun prozesua?

Iaz bigarren luzea egin nuen («Activos Tóxicos»), eta ordutik buruan izan dut. Aurten, lehenik eta behin, beste bide batzuk egin ditut Ilarduian, eta, ondoren, lehenengo luzearekin hasi nintzen. Azken hori izan zen gehien kostatu zitzaidan zatia, erresistentzia askoko bidea delako eta niri hori ez zaidalako hain ondo joaten. Uda aurretik ia egin nuen, baina fisikoki gogorra egiten zaidan lekua da Ilarduia, lanetik irten ondoren ibilbide handia duelako eta fisikoki asko desgastatzen duelako. Oporretan kanpora joatea eta lasai ibiltzea oso ondo etorri zait. Bueltan bi saiotan eskuratzea lortu nuen. Oso pozik nago egindako lanarekin.

Beraz, zure ezaugarrietarako ez da oso egokia izan, ezta?

Esan dudan bezala, lehenengo luzea ez da niretzat oso egokia. Atseden hartzeko aukera gutxiko zatia da, eta niri ez zait hori oso ondo joaten. Baina, beno, ez zait hain gaizki ere joan, egin dut-eta!

Zer iruditu zaizu «Celedon»?

Orain arte egin ditudan bide guztien artean lehenengo bost onenen artean dago. Lekua zoragarria da, eta, bidea, oso ona. Probatzeak merezi du.

Hainbeste eskalatzaile bide berari ematen ikusteak asko lagundu dizu? Informazio asko izango zenuen, ezta?

Bai, denon artean «trikimailu» batzuk atera ditugu, eta, hori, beti eskertzekoa da.

Nahiz eta «Il domani» bezala bidea igotzea asko kosta zaizun, dagoeneko 9a graduko bi bide patrikan dituzu. Esan daiteke, pixkaka bada ere, finkatzen ari zarela zailtasun horretan?

Orain gutxi arte, ez nuen pentsatzen 9a graduko biderik egitea; dagoeneko bigarrena egin dut, eta oso pozik nago. Horrek, dudarik gabe, beste bide batzuk probatzera motibatzen nau. Graduan finkatuta ote nagoen? Bada, momentu honetan, gehiegi esatea da hori.

Jakin badakigu, «Il domani» eta «Celedon» bide ezberdinak direla. Baina, bi horietatik, zenekin geratzen zara?

Biak izan dira oso bereziak niretzako, baina «Il Domani» bidearekin , eskaladaz aparte, momentu oso bereziak bizi izan nituen. Horrez gain, bakoitzak ditu bere berezitasunak, eta, graduaz aparte, oso bide ederrak dira.

«Celedon» bideari emandako graduarekin zarata handia izan da. Zuk ere 9a dela uste duzu. Hala ere, beste igotzaile batek, Ruben Diazek, adierazi du 9a dagoeneko «gradu ertaina» dela. Zein da zure iritzia?

Ruben ezagutzen dut, eta uste dut badakidala nola pentsatzen duen. Nik uste berak esan nahi zuena ez zela ondo ulertu, edo bera ez zela behar bezala adierazi. Berak komentatu nahi izan zuena da, gaur egun, 9a maila eskalatzaile gehiagok egiten duela. Beste era batera esanda, duela urte batzuk oso eskalatzaile gutxik egiten zuten zailtasun hori; egun, ordea, oso gutxi kateatzen dena 9b gradua da. Berak jakin badaki zenbat kostatzen den horrelako maila batera iristea eta horrelako bideak kateatzea.

Zure sasoi bikaina kontuan hartuta, lasaitzeko asmoa duzu edo jarraituko duzu gogor estutzen?

Gogoa dagoen bitartean ez dira proiektuak bukatzen, eta ni oso motibatua nago. Ilarduian eta La Lezen zenbait proiektu ditut esku artean, eta Araotzen ere bide bat zabaltzen hasi naiz. Hura kateatzea gustatuko litzaidake.