Jon LEUNDA
Top 14

Avironek gora begiratzen hasteko aukera ederra du

Zuri-urdinek Montpellier hartuko du Jean Dauguer estadioan, 18.30ean.

Avironek bolada onari eusteko aukera paregabea izango du gaur arratsaldean, Montpellier hartuko baitu, 18.30ean Jean Dauguer estadioan. Zuri-urdinek gaur beste lau puntu lortuko balituzte, sailkapeneko goialdean kokatuko lirateke, eta ondorioz aurkari zuzenak atzean uzteko modua egingo lukete.

Avironi primeran etorri zitzaion pasa den asteko garaipena; horri esker lasaiago ekingo dio gaurko partidari, galduta ere tarte bat baduelako atzeko taldeekiko. Dena dela, eta kontuan hartuta zuri-urdinek etxetik kanpo oso puntu gutxi lortu ohi dituztela, gaur beharrezkoa izango dute garaipena lortzea, bestela kanpoan irabaztera behartuko lukete beren burua, eta azkeneko denboraldiak kontuan hartuta, ez du itxaropenerako tarte handirik uzten.

Stade Toulosainen aurka egin zuten partida handia eta gero, zaleak oso gustura eta itxaropen handiarekin etxeratu ziren. Aurtengo denboraldiko partidarik onena egin zuten. Entseguak aspaldian ez dituzte hain erraz egin, eta ostikoekin Stewart azkenaldian bezain fin aritu ez bazen ere, garaipen handia lortu zuen Baionako talde zuri-urdinak.

Horrek gaurko ikusmina handitu du. Zaleek gauza bera ikusteko itxaropena dute, eta honekin azken urteetan ez bezala sailkapeneko goialdean jartzeko aukera ere izango luke taldeak. Alabaina, ez da ahatzu behar galduko balu, berriro ere atzeko taldeetatik oso gertu jarriko litzatekeela. Aviron oso indartsua da Jean Dauguerren, eta jendeak gaur lau puntu Baionan geratuko direla ziurtzat jotzen du; beraz, jokalariek ezin dute gaur hutsik egin.

Avironen deialdian, jokalari hauek sartu ditu Noriega entrenatzaileak: Igiñiz, Pointud, Van Rensburg, Arganese, Etrillard, Jgenti, Muller, Chisholm, Fa'aoso, Senekal, Taele, Haare, Monribot, Fonua, Olivon, Loustalot, Rouet, Otazo, Stwart, Fernandez, Ugalde, Rokocoko, Bustos Moyano, O'Connor, Speding eta Elisalde. Epailea, berriz, Mathieu Raynal izango da.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan, euskal derbia izango da gaur ikusgai Faduran, Getxoren eta Hernaniren artekoa; 17.00etan. Etxekoak partida bat irabazi eta bi galduta iritsiko dira gaurko neurketara, eta, hortaz, irabaztera behartuta daude gipuzkoarrak mendean hartuta. Hernani, berriz, hiru partida galduta helduko da derbira, nahiz eta azken partidan puntu bat eskuratu ahal izan zuen. Biak helduko dira puntuak eskuratzeko premiarekin, nahiz eta kanpokoen beharra handiagoa izango den.

Bizkaia Gernikak ere gaur arratsaldean jokatuko du. Madrilen arituko da Pozueloren aurka, 16.00etan. Bizkaitarrek denboraldi hasiera txukuna izan dute eta garaipenaren bila joan dira. Punturen bat lortzea ez litzateke batere txarra izango.

Biharko, berriz, partida bakarra geratuko da. 12.00etan, Ampo Ordiziak Independiente Santander hartuko du Altamiran. Gipuzkoarrek partida zaila daukate, talde handi bat izango baitute aurrez aurre. Kantabriarrak oso maila onean ari dira jokatzen, eta lau puntuak garrantzitsuak izango dira.

Garrantzi handiko partida jokatuko du Biarritzek

Pro 2 Mailan, astebeteko atsedenaren ostean, Biarritzek Beziersen zelaian jokatuko du gaur, 17.00etan. Lapurtarrak hasita daude mailari tamaina hartzen, baina lehen postuan aurrea hartuta dabil Paue, eta ihes egiten ez uzteko partida bakoitzean launaka batu beharra dauka talde zuri-gorriak.

Biarritzek gaur aurrean izango duen taldeak lapurtarrak baino puntu bakar bat gutxiago dauka, eta euren helburua ere Top 14ra igotzea da. Beraz, garrantzi handiko norgehiagoka da, aurkari zuzena izango baitu aurrean talde lapurtarrak. Galtzeak atzerapausoa ematea esan nahiko luke. J.L.