Javi Martinezek eta Marko Sierrak katalogo berritua ere amaitu dute
Urriaren 12an, mendizale donostiarrek Euskal Mendizale Federazioak berritutako Euskal Herriko mendi nagusien katalogoko azken gailurra igo zuten. Zerrenda berriak guztira 596 mendi jasotzen ditu, eta donostiarrei hogeita hamar bat falta zitzaizkien.
Normala denez, ziur aski irakurleak ez du gogoan izango Javi Martinezek eta Marko Sierrak duela sei urte bukatu zuten mendi ekimena. Bi hitzetan esanda, mendizale donostiarrok Euskal Mendizale Federazioak argitaratutako mendien katalogoko gailur guztiak igo zituzten. Guztira, 593 tontor. Bukatu, berez, 2008. urteko ekainaren zazpian bukatu zuten.
Aipatu behar dugu, ondoren, EMF-k katalogo horretan, batez ere bere euskarri digitalean, hainbat aldaketa egin dituela. Garrantzitsuena, berriz, aurten jaso dugu Pyrenaicak argitaratutako liburuxkaren bitartez. Aldaketak aldaketa, katalogo hori berrituta iritsi zaigu, guztira 596 mendirekin. Batzuk kendu; beste batzuk, aldiz, jarri egin dituzte. Bada, argitalpen berriari eutsiz, Martinezek eta Markok falta zitzaizkien gailurrak poltsikoratzea erabaki eta azkena urriaren 12an igo zuten.
«Ibiliz ibili» ataleko geure kide Markok azaldu digu zerrenda berriaren 30 bat gailur igo gabe zituztela: «Katalogo berritik hainbat mendi igo gabe genituen, gutxi ziren, eta gainerakoak igota genituenez, zerrenda berria borobiltzea otu zitzaigun. Gure ikuspegitik, katalogo horretan mendi batzuk falta dira, eta mendi batzuen izenekin ere ez gaude ados. Baina, tira, EMFren irizpideak dira. Hamar bat lehendik eginak genituen, eta falta zirenak asteburu batzuetan igo ditugu. Azkena, hilaren 12an, Zuberoako Ahargo izan da».
100. urteurrena
Pasa den irailaren 30ean, ehun urte bete ziren euskal mendizaletasunaren aitzindariek mendi lehiaketen izenarekin ezagutzen dugun ekimena asmatu zutela. Markok adierazi digu egun seinalatu horretan amaitzea nahi zutela, baina data kontuak tarteko hamabi egun beranduago bukatu zutela: «Irailaren 30a gertu genuen, baina Javi eta bion arteko datek ez zuten bat egin. Pena izan da, urteurren berezi horrekin bat egin nahi genuelako. Egun batzuetan lauzpabost mendi igo ditugu, eta gutxi geratzen zitzaigunez, di-da batean sinatu ditugu. Azkena, Ahargo (Zuberoa) izan zen. Mendi hori igotzea ez zen gure asmoa. CVCErekin irteera bat egin genuen, baina eguraldi kaskarra tarteko, helburuz aldatu eta Ahargon bukatu genuen. Amaiera ederra izan zen; izan ere, gailur horretatik dagoen ikuspegia apartekoa da».
Aurreko mendi nagusien zerrendarekin gertatu zaien bezala, «Ibiliz Ibili»-ko kolaboratzaileak aurreratu digu berri horretan ere naturak eskaintzen dituen bi aldeekin egin dutela topo: «Gailur politak bai, baina beste batzuetan mina hartu dugu. Santiagozar mendira joan ginenean, ondoan dagoen Aparion egin den sarraskia bertatik bertara ikusi genuen. Dagoeneko, ez dago gailurrik! Harrobiak (ikus argazkia) tontorra jan du. Aurreko katalogoan Apario agertzen zen; berrituan, berriz, ez».
Azkenik, Markok honako mezua helarazi nahi du: «Mendi guztiak igotzen mendizaleak badira; batekin, bederen, topo egin dugu. Javi eta biok uste dugu merezi duela, batez ere ohiko mendiak pixka bat lasaitzeko».