Jon ORMAZABAL
Pilota Lau eta Erdiko txapelketa

Mikel Olaetxearen «egunik handiena», oraingoz

Finalerdietarako txartela jokoan, Lizartzakoak lehen aldiz jokatuko du buruz buru Aimar Olaizolaren aurka.

2007ko ekainaren 23a, Aritzbatalden debuta egin zuenekoa, edo 2008ko abenduaren 13a, tanto bakar batez Aratz Mendizabali Beotibarren Bigarren Mailako Lau eta Erdiko txapela kendu zionekoa, 2011ko Promozioko Buruz Burukoa eta Binakakoa irabazi zituenekoak ez ditu Mikel Olaetxeak berehala ahaztuko. Hala ere, duda izpi txikienik izan gabe, Lizartzako aurrelariak oso argi dauka gaur gauekoa izango duela bere kirol ibilbideko «egunik handiena».

Motiboak ez dira gutxi; lehen mailako finalerdietara sailkatzeko aukera dauka; eredutzat duen Aimar Olaizolaren aurka lehen aldiz jokatuko du buruz buru eta Atano III.a betetzetik oso gertu egongo da, herritarren erabateko babesa bermatuta duelako.

«Aspaldi honetan askotan ari naiz gauza bera esaten, baina beste egun handi bat da niretzat, ilusio berezi batekin nator eta, egia esan, aldagelan sartu eta sabeleko kilima horiek hasi zaizkit, eta oso polita da. Ez dakit zer irtengo den, egun handia izango da, baina aurretik ere gozatzen ari naiz», aitortu zion pilotariak GARAri gaur gauerako materiala hautatu ostean, aurpegian irribarre zabala zuela.

Entrenamenduetan sarri aukeratu izan du Goizuetakoak finalak edo partida bereziak prestatzeko sparring gisa, Etor Mendiak zuzentzen duen taldean ere batera aritzen dira, baina Aimar Olaizolaren aurka jokatu eta partida aurreko paseotxoa egite hutsa ere, handiak dira beretzat, binakako partida bakarra jokatu baitute elkarren aurka Olaetxeak profesionaletan egin dituen zazpi urtetan. «Nire memoriarako handia izango da, gainera, erreferentzia bezala, Aimar asko aitatu dugu etxean, asko ikusi dugu eta orain berarekin kantxan egotea niretzat handia da. Esan eta esan ari naiz baina horixe nahiko nuke, disfrutatu eta momentu hau gozatu», azaldu zuen.

Erabateko ezustea

Hori bai, egungo txapeldunaren aurka jokatzeak ikaragarri zailduko dizkio gauzak eta horrexegatik, gerra pixka bat ematearekin eta paper duin bat egitearekin konformatuko litzateke. «Lehiatu ahal izatea, astakeriarik ez egitea behintzat. Tanto batzuetan ea estutzen dudan eta jendeak gozatzen duen, horren bila nator».

Aimar Olaizolak bestela pentsatzen duen arren, lanak ondo egin izanak ematen duen lasaitasunarekin kantxaratuko omen da Olaetxea. Uda partean milaka kilometro egin ditu Soria eta Salamanca aldera, enpresaren konpromisoak betetzera, eta orduan, bere hitzetan «ez nuen inondik ere pentsatzen hemen egon nintekeenik, hasiera batean Promozioko txapelketa jokatu behar nuen eta Pabloren lesioak gauzak aldatu zituen. Ezusteko handia da, lehenik neure buruarentzat, baita ingurukoentzat eta jende askorentzat ere. Horren guztiaren ondorioz iruditzen zait presiorik gabe irteten ari naizela kantxara eta gozatzen ari naizela».

Lehiaketan bertan ere nabaria izan da bere konfiantza handitzen joan dela, Lemunoren aurka Agurainen atarikoan izan zituen une estuetatik Ezkurdiaren aurka Elizondon eman zuen erakustaldira. «Hasierako hartan galtzeko gehiegi genuen biok, presio handiagoa duzun partidak dira, pertsonalki ez dakit gero zer izango zen -maiatzean amaituko zaio kontratua Asegarcerekin-, baina nik uste nuen pertsonalki asko nuela jokoan eta hura pasaz geroztik, askoz libreago eta gusturago nabil».

Aurkari izango duen Olaizola II.ak ere konfiantza handia lortu duela nabarmendu zigun eta pilotari «konpletoa» dela iritzita, «zerbait nabarmentzekotan, bere ezkerra aipatuko nuke».