Larrañagak ez du barkatu
Azpeitiarrak aurreikuspen guztiak bete egin zituen. Mugertza II.ak ere Lehen Mailarako txartela lortu zuen.

Mikel Larrañagak irabazi zuen herenegun Asteasun jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako finala, eta berarekin batera, Ugaitz Mugertzak lortu zuen datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela.
Jende asko batu zen Asteasuko pilotalekuan, nahiz eta harmailak ez ziren erabat bete. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Lehen Mailako finalean izaten duten lanaren erdia izan zuten.
Finala oso polita izan zen, eta kanporaketako lehen bi postuak errepikatu egin ziren. Dena dela, Larrañagak eta Mugertza II.ak oso borroka handia izan zuten, baina azpeitiarrak oso ongi amaitu zuen, eta mutrikuarra, aldiz, bete egin zen, eta Txapartegik asko estutu zuen amaierako enborretan.
Mikel Larrañaga ez zen ongi hasi, baina apurka-apurka gora egin zuen. Mugertzak hasiera bikaina eman zion saioari, eta bien artean dema ikaragarria izan zuten. Azkeneko oinbikotik nahiko beteta atera zen mutrikuarra, eta azpeitiarrak ez zuen barkatu. Amaieran minutu erdiko aldea kendu zion Larrañagak Mugertza II.ari.
Behin lehen postua lortzeko aukerak galduta ikusi zituenean, Mugertzaren asmoa bigarrengoari eustea zen, horrek ere sari potola baitzuen. Baina, atzetik Txapartegi zetorren abiada bizian. Aizarnakoa zen finaleko beteranoena, eta maila nagusian aritutako bakarra, gainera. Txapartegi Lehen Mailan final bat baino gehiago jokatutakoa ere bazen, eta berak ere nahi zuen iaz galdutako maila berreskuratu, baina ez zion denborarik eman, eta amaieran hirugarren postu horrekin konformatu behar izan zuen.
Berandu
Luix Txapartegi hirugarren aritu zen ia saio osoan, eta azkenean bere erreakzioa nahiko berandu iritsi zen, bestela agian beste posturen bat ere lor zezakeen. Mugertzak, ordea, bere helburuetako bat bete zuen. Txapela ez zuen eskuratu, baina bai bigarren postua, eta horrekin datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela lortu zuen, eta horrekin gustura amaitu zuen. Bai Larrañaga eta bai Mugertza II.a ere lehen aldiz arituko dira datorren urtean Lehen Mailan. Txapartegik bukatu zuen hirugarren postuan, eta honek dagoen lekuan jarraitu beharko du.
Eneko Otaño ikusteko gogoa ere bazegoen. Beizamakoak Larrañagaren aurkako apustua dauka hemendik hiru astera, eta nolako tartea egongo zen ikusi nahi zuen jendeak. Horrekin gutxi gorabehera erreferentzia bezala erabili ahal izateko, eta amaieran bi minutu eta erdiko tartea egon zen. Otañok 60 ontzako baten aldea dauka, eta hori gainera berak jarriko du, beraz, herenegungo finalekoa errepikatzen baldin bada, gauzak estu joan daitezke Azpeitian jokatuko den apustuan.
Eneko Otañok berriro ere itxura ona eman zuen. Behetik gora egin zuen finalean aritu zen aizkolaririk gazteenak, oraindik 20 urte besterik ez baititu, eta horiek ere bete berriak ditu. Garbi dago behetik gora sekulako abiadan datorrela, eta hemendik aurrera zeresan handia emango du.
Jauregik bosgarren amaitu zuen. Arabarrak goitik behera egin zuen. Ongi ekin zion finalari, baina behera egin zuen, eta amaieran bosgarren postu horrekin amaitu behar izan zuen Ilarduiako aizkolariak.
Mugertza III.ak itxi zuen sailkapena. Mutrikuarra saio osoan zehar azkeneko postu horretan ibili zen, eta amaitu ere hortxe egin zuen, eta txapela jantzi zuen Larrañagak amaieran ia sei minutuko tartea kendu zion. Finala bera orokorrean ona izan zen, izan ere, aizkolariek maila oso ona erakutsi zuten. Garrantzitsua izan zen baita ere gazteak ikustea, izan ere, Txapartegi kenduta, gainerako aizkolari guztiak oraindik gazteak dira. Atzoko finalean ziren aizkolari bat baino gehiago urte asko baino lehen maila nagusiko finaletan ere izan beharko lirateke, baina pauso hori ere eman beharko dute, ez baita erraza izaten onenen artean sartu, eta haiek estutuz finalean sartzea. Dena dela, itxura bikaina duten gazte asko daude hor goian, eta zaleek itxaropen handia dute beraiengan, nahiz eta pazientzia izatea oraindik denentzat beharrezkoa izango den.
«Finalari tamaina hartzea dezente kostatu zait»
Mikel Larrañaga pozez gainezka zegoen, izan ere, helburua bete zuen txapela jantziz eta maila nagusirako txartela ere lortuz. «Egia esan, oso gustura nago. Hau zen nahi genuena eta lortu dugu. Txapela jantzi dut, eta hurrengo urtean onenekin batera arituko naiz. Uste dut hau dela aizkolari gazte askoren helburua», esan zuen.
Dena dela, finalari tamaina hartzea asko kostatu zitzaiola ere onartu zuen txapeldunak. «Hasieran libratu ezinik aritu naiz, tamaina hartu ezinik. Albotik horiek nerbioak zirela esaten zidaten, baina nirea topatzea asko kostatu zait, eta une batez larritu ere egin naiz, baina gero gorantz egin dut, eta amaieran ametsa bete dut», onartu zuen Mikelek.
Hemendik hilabete eskasera apustua jokatuko du Eneko Otañoren aurka, baina Larrañagak garbi dauka herenegungo finalekoa ezin dela erreferentzia bezala hartu. «Egia esan ez dut uste erreferentzia bezala hartu daitekeenik, lana ezberdina delako. Berak gaur ere lan handia egin du. 20 urte besterik ez ditu, eta indarrean dator gora», esan zuen.
J.L.
Larrañagak bi txapel jantzi ditu aurten
Mikel Larrañagarentzat urte bikaina ari da izaten. Udan Gipuzkoako Lehen Mailako txapela jantzi zuen, eta orain Euskal Herriko Bigarren Mailakoa ere lortu du. Behetik gora abiada bizian dator, eta hemendik aurrera zeresan asko eman dezake aizkolari azpeitiarrak.
Apustua egunez eta lekuz aldatu egingo da
Eneko Otañoren eta Mikel Larrañagaren arteko apustua egunez eta lekuz aldatu da, izan ere, azaroaren 29ra pasatu da, eta 18.30ean jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Gazte jende asko espero da apustu horretan eta larunbat arratsaldea egokiagoa iruditu zaie.
Jendeak erantzun bikaina eman zuen berriro ere
Aizkolaritza indarra hartzen ari da berriro ere, gazte jende asko itzuli baita neurketa hauek ikustera. Asteasuko finalean jende asko batu zen. Ez ziren erabat bete harmailak, baina ez zen asko falta izan, itxura bikaina izan baitzuen pilotalekuak. Saioa ere ona izan zen.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
