Ibarrak denboraldiko aurreneko txapela jantzi du
Baigorri eta Ibarra B sailkatu ziren bere atzetik, finaleko podiuma osatuz.

Ez zen ezusterik izan, eta Ibarra A taldeak irabazi zuen aurtengo denboraldiko lehenengo txapela. 320ko finala jokatu zuten Nabarnizen, eta gipuzkoarrak ziren irabazteko faboritoak, eta amaieran txapela buruan zutela amaitu zuten saioa.
Aurreko bi jardunaldietako sei talderik onenak lehiatu ziren txapela lortzeko lehian. Jendeak ere erantzun polita eman zuen, sarrera ona izan baitzen Nabarnizko probalekuko harmailetan.
Ibarra eta Murueta ziren finalean talderik gehienak zituzten taldeak, bina plazaratu baitzituzten, horretarako bidea eginda kanporaketetan. Ñapurrak eta Baigorri ziren beste bi taldeak.
Moreen lehen taldeak arratsaldeko tiraldi guztiak irabazteko modua egin zuen, eta amaieran argi eta garbi utzi zuten kanporaketan gertatutakoa ez zela kasualitatea izan, denboraldiko lehen txapela jantziz, eta gainerako pisuetan ere txapela lortzeko faboritoak direla argi eta garbi utziz, gainera.
Bigarren posturako, ordea, sekulako lehia izan zen, hiru taldek berdinduta amaitu baitzuten lehen fasea. Ibarra B, Baigorri eta Ñapurrak taldeek ia dena berdin egin zuten, eta saioaren amaieran puntu kopuru bera zutenez, kitarako ligaxka jokatu behar izan zuten, bigarren, hirugarren eta laugarren postuak erabaki ahal izateko.
Saio horrek berak ere asko luzatu zuen amaierako ekinaldia, baina hori ere jokatu egin behar, eta amaieran Baigorrik lortu zuen zilarrezko domina. Lehen aldiz sartu da Nafarroa Behereko talde bat final nagusian, eta honek ere argi eta garbi utzi zuen kanporaketan erakutsi zuena ez zela kasualitatea izan, bigarren postu hori lortuz.
Ibarra B taldeak lortu zuen bigarren postua ligaxka honetan, eta moreen bigarren taldeak ere podiumean sartzeko modua egin zuen, brontzezko domina kolkoratuz. Hauek ere oso lan ona egin zuten, eta azkenean Ibarrako bi taldeak sartu ziren aurreneko hiru postuetan. Ñapurrak taldeak itxi zuen sailkapena ligaxka honetan, eta beretzat izan zen laugarren postua.
Azkeneko postua erabakitzeko ere lehia handia izan zen. Muruetaren bi taldeak geratu ziren ligaxkan berdinduta azkeneko postuan. Aurrekoekin galdu eta elkarren artean berdindu egin zuten, eta hor ere kitarakoa jokatu behar izan zuten. Klub bereko bi taldeek azken ez geratzeko tiraldiak egin zituzten, eta amaieran A taldeak lortu zuen bosgarren postua, eta bigarren taldeak seigarrena.
320koa amaituta, 300ekoa abiatuko da, datorren astean jokatuko baita aurreneko jardunaldia Aian, larunbatean, 17.00etan. Aurreko pisuan aritu diren taldeak neurtuko dira, eta berriro ere Ibarra izango da garaipena lortzeko faboritoa, nahiz eta pisuz aldatuko direnez, gauzak ere aldatu daitezkeen. Ikusiko da ea Baigorri ere gai izango den 320koan erakutsi duen maila berari eusteko.
Gaztedi eta Ibarra, nesketan berdinduta
Nesken 260koan bigarren jardunaldia jokatu zen, eta berdinduta amaitu zuten Gaztedi A eta Ibarra taldeek. Oso saio ona egin zuten, eta garbi dago bi talde hauen artean egongo dela txapela, baina hori datorren larunbatean Aian jokatuko den azkeneko jardunaldian erabaki beharko dute. Hirugarren postuan, Badaiotz sailkatu zen, laugarren Gaztedi B eta azkena, berriz, Bizindar sailkatu zen. Gaztediko lehen taldeak eta Ibarrak gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, baina elkarren arteko deman, berriz, berdinduta geratu ziren. Badaiotzek, bi onenekin bakarrik galdu zuen, eta Bizindarrek, ez zuen behin ere irabazi.
J.L.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
