Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Larrañagak amaiera paregabea eman dio urteari

Azpeitiarrak enbor bat gehiago ebaki behar zuen arren, hiru minutu pasa atera zizkion Otañori.

Mikel Larrañagak irabazi zuen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen aizkora apustua, amaieran hiru minutu pasako aldea aterata. Aizkolari bakoitzak hamarna kana-erdiko ebaki behar zituen, eta gero Otañok bost 60 ontzako, eta sei 60 ontzako Larrañagak.

Enbor txikiak Otañok plazaratu zituen, eta handiak, Larrañagak. Hala ere, azpeitiarrak moztu beharreko seigarren 60 ontzakoa Beizamakoak aukeratu zuen. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen zituen. Inazio Zendoia eta Joxe Ugarteburu izan ziren Larrañagaren laguntzaileak, eta Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregi, Eneko Otañorenak. Dirua nabarmen atera zen Mikel Larrañagaren alde, eta saioan zehar ere ez zen batere aldatu.

Mikel Larrañagak ongi irabazi zuen neurketa, besteak baino 60 ontzako bat gehiago ebaki behar izan zuen arren. Hiru minutu eta erdiko aldea lortu zuen. Eneko Otañok ez zuen izan oso egun ona atzokoa. Hasi ongi hasi zen, parean aritu baitzen -une batzuetan Beizamakoa aurretik ere izan zen-, nahiz eta Larrañagak kana-erdikoak eta 60 ontzakoak nahastuta ebaki zituen hasieran. Hala eta guztiz ere, apustua estua izango zen itxura guztia zeukan hasiera horretan.

Beizamakoak oso ongi ekin zion, eta une batzuetan berak irabaziko zuela ere esaten zuenik bazen, baina gero betekada izan zuen lehen zatiaren erdian, eta hor galdu zituen irabazteko aukera guztiak.

Larrañagak hasieratik bukaerara lan bikaina egin zuen, ez zuen beherakadarik izan, nahiz eta amaieran beldur hori bazuela esan zuen. Erritmoari jarraitu zion une oro, eta gero aurkariak behera egin zuela ikusi zuenean, indartu egin zen. Hala, amaierara oso erraz egin zuen aizkoran. Denboraldia paregabea izan da beretzat eta ahaztuko ez duen urtea egin du, aurten Gipuzkoako Lehen Mailako eta Euskal Herriko Bigarren Mailako txapelak ere lortu baititu. Otañok ere horrelaxe egin du, atzokoa galdu arren, urte biribila. Hogei urte besterik ez ditu, eta etorkizunean zeresan handia emango du berak ere.

Hauek izan ziren Larrañagaren denborak: 1.48, 3.54, 6.40, 9.28, 13.32, 15.03, 17.30, 20.02, 22.58, 25.30, 29.20, 32.45, 36.14, 39.25, 42.42 eta 45.50. Eneko Otañorenak, aldiz, honakoak: 1.53, 3.59, 6.22, 9.34, 12.12, 15.56, 19.37, 23.25, 27.30, 31.28, 34.49, 38.45, 42.15, 45.38 eta 49.38.

Jende ezagun asko gerturatu zen neurketara

Gazteak ikusteko gogoa beti izaten da, eta atzo harmailetan aurpegi ezagun asko izan ziren. Olasagasti, Vicente, Mugertza, Atutxa, Saralegi eta Peñagarikano, esaterako, saioa ikusten izan ziren, inork ez baitzuen atzoko bi gazteen arteko norgehiagoka galdu nahi izan.