Andoni ARABAOLAZA
Himalaia | Seimilakoa

Hagshuko iparraren «lehian» esloveniarrak izan dira lehenak

Luka Lindic, Ales Cesen eta Marko Prezelj-ek 6.657 metro seimilakoaren ipar hormatik eskalatu zuten. Helburu hori bera zuten Paul Ramsden eta Mick Fowler britainiarrek, baina azkenean seimilakoaren ipar-ekialdetik marra berria sortzera jo zuten.

Hagshu mendia (6.657 m, Indiako Himalaia) Kishtwar eskualdean da, eta irakurlearentzat ziur aski haren izenak ez du oihartzun handirik izango. Baina irailaren amaieran zein urriaren hasieran seimilako horretan gertatutakoak informazio oparoa eman du.

Bere orokortasunean hartuta, argi eta garbi dago egun horietan Hagshun izaniko jarduerak ederrak izan zirela oso, eta emaitza bikainak eman zituztela. Izan ere, astebeteko epean, bi taldek jardun zuten; eta biek ala biek bide berriak zabaldu zituzten.

Ales Cesen, Luka Lindic eta Marko Prezelj esloveniarrei dagokienez, irailaren 29 eta 30ean, seimilakoaren ipar hormaren lehen igoera sinatzea erdietsi zuten. Astebete beranduago, berriz, Paul Ramsden eta Mick Fowler britainiarrek gauza bera lortu zuten, baina mendiaren ipar-ekialdeko hormatzarrean.

Horrela irakurrita, badirudi arrosa koloreko ipuin baten aurrean gaudela. Baina ez da horrela gertatu; izan ere, bi talde horien artean nolabaiteko lehia izan da. Haserrea ere bai. Kontua da sokada britainiarrak denborarekin iragarri zuela bere xedea Hagshuren ipar hormako lehen igoera lortzea zela. Baina kanpaleku nagusira hurbildu zirenean, ezusteko desatsegina hartu zuten: esloveniarrak prest ziren horma horri ekiteko.

Indiara bidaiatu aurretik, Fowlerrek adierazi zuen duela 21 urte Kishtwar mendira eginiko espedizioan ikusi zuela lehen aldiz Hagshu: «Seimilako horrek erabat erakarri ninduen, eta iaz Paulekin Kishtwar Kailash mendira egin genuen irteeran erakargarritasun hori biderkatu egin zen. Ipar murru hori arras ederra da, eta uste dut ingurumari horretako erronka handienetarikoa dela. Pozarren gara Indiako agintariek Hagshu mendia igotzeko baimena eman digutelako».

Alta, esan dugun bezala, poz hori desagertu egin zen esloveniarren asmoak ezagutu eta gero. Hirukote horrek, aldiz, adierazi du arazo burokratiko batzuk tarteko, helburuz aldatu behar izan zutela: «Indiara joateko asmoa duela urtebete sortu zen, eta aitortu behar dugu Hagshu ez zela geure proiektua. Baina Indiako bi mendi igotzeko baimena eskatu, eta ukatu ziguten. Azkenean, etxetik irten baino bi aste lehenago, Hagshura joango ginela erabaki genuen. Hasteko eta behin, eskualde hartara joandako eta Hagshu igotzeko baimena zuen Amerikako Estatu Batuetako talde batekin egin genuen topo. Baina adierazi ziguten seimilakoa eskalatzeko baimena ez zutela. Egoera bitxia izan zen oso. Ondoren, britainiarren kasua dugu. Etxetik atera baino astebete lehenago Fowler eta Ramsdenek baimena zutela jakin genuen. Egoera deserosoa sortu zen: mendi zein isurialde berean bi espedizio. Pareta aztertu ondoren, jabetu ginen soilik ageriko marra bat zegoela. Kanpalekuan ginela, britainiarrek eskatu ziguten beste xede bat aukeratzeko, baina...».

Eta «baina» hori badakigu zertan geratu zen: esloveniarrek ipar paretan jardungo zuten, eta britainiarrek ipar-ekialdekoan. Batzuek diote esloveniarrek britainiarren asmoa errespetatu behar zutela, batez ere xede hori denboraz iragarri zutelako. Beste batzuek, ostera, mendia ez dela inorena eta denok eskubide berdinak ditugula diote. Behin betiko ondorioa irakurleak berak atera beharko du.

«Lehiarik ez»

Izenburuan aipatu bezala, nolabaiteko lehia izan zen; zehatzago esanda, tentsioa, haserrea... izan zela. Gai honen guztiaren inguruan, Prezeljek honako iritzia du: «Nik ez nuen lehiaketa bat bezala bizi izan, baizik eta egoera berezi bat bezala. Gauza da kanpaleku nagusian gu izan ginela lehenak eta ageriko bide bat zegoela soilik. Beraiek adierazi ziguten marra hori kendu geniela, baina ez zen horrela izan».

Esloveniarren taldeak eskarmentua zein gaztetasuna zituen. Prezelj aski ezaguna da alpinismoan. 49 urte ditu, eta munduan erreferente bat da. Lindicek 26 urte ditu, eta Cesenek 32; hala ere, biek ala biek Esloveniako alpinismoan toki sendoa dute.

Girora egokitzeko, hirukoteak pare bat mendi eskalatu zituen. Lehenik, Lagan mendia (5.750 m) ekialdeko ertzetik (TD, M5, 700). Gero, Hana's Men (6.300 m, ipar tontorra) mendebaldeko aurpegitik: TD, 1.100 metro. Eta azken jarduera esloveniarrek sinatutako garrantzitsuena izan zen: Hagshu mendiaren ipar horma: ED, 70°-90°, III.

Espedizio honek bi eguneko jarduera behar izan zuen tontorra zapaltzeko: «Eskalatu genuen bidea oso zuzena da. Mistoko tarte batzuk ditu, baina orokorrean izotz gogorra nagusi izan da. Azken egunetako elurteak zirela-eta, bidearen hasieran elur sakonarekin egin genuen topo. Eta, ondoren, tenteak ez ziren izotz gogorreko luzeekin. Horrek guztiak energia asko eskatu zigun. Pareta luzea da, baina bibaka egiteko toki egokirik ez genuen aurkitu. Eta horren ondorioz, ertzera iristeko 23 orduko eskalada egin genuen. Ertz horretan bibaka antolatu eta biharamunean tontorrera eramango zigun zeharkaldia egin genuen. Gailurretik gertu bigarren bibaka egokitu zitzaigun. Eta hirugarren egunean jaitsi ginen».

Oro har, esloveniarrek 2.200 metroko desnibela gainditu behar izan zuten; hots, kanpaleku nagusitik gailurrera. Pareta, aldiz, 1.350 metro luze da. Prezeljek ertzetik tontorrera dagoen tarteari garrantzi handia eman dio: «Ipar tontorretik nagusira tarte handia dago; ertza oso luzea da, eta zeharkaldi horren lehena sinatu genuen. Bideak teknikoki ez ditu pauso gogorrak eta atletikoak, baina desafio handia izan zen. Jaitsiera poloniarren bidetik (hego-ekialdeko ertza) egin genuen. Zaila ere. Uste dut egundaino ez duela errepikapenik izan».

Bien bitartean, britainiarrek lau egun pasa zituzten ipar-ekialdeko murrua eskalatzeko. Kanpaleku nagusia utzi eta itzuli arte astebete pasa zen: «Teknikoki tarte zailena eskoziar eskalan VI gradukoa izan daiteke. Eginiko eskalada guretzat ederra izan zen oso, eta eginiko zeharkaldia maila handikoa. Jaitsiera, berriz, estetikoki ezberdina eta oso atsegina izan zen. Eskalatu genuen bideari ED zailtasuna eman diogu, baina hori gutxienekoa da. Gure asmoa bete dugu bederen».