20/12/2014

Irigoien, errekorra hausteko prest

150 kiloko zilindro zaharrarekin arituko da hamar minutuko hiru txandatan, Zelaik 122 jasoalditan daukan marka hobetzeko asmoz.

Jon LEUNDA
P038_f03

Aimar Irigoienek erronka handia izango du bihar eguerdian, 12.30etik aurrera marka saiakera ikaragarri bat egin nahi baitu. 150 kiloko zilindro zaharra erabiliko du, eta lanerako hamar minutuko hiru txanda izango ditu. Ekinaldia Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izango da, eta 12.30ean hasiko da.

Errezildarraren asmoa Zelaik 1987an egin zuen marka hobetzea da. Mallabikoak guztira 122 jasoaldi lortu zituen, eta Aimarrek gutxienez bat gehiago jaso nahi du. Harri honekin marka egin zuen lehena Manterola izan zen. Aiarrak 100 jasoaldi lortu zituen, eta baldintza berezi bat ere bete zuen honek, izan ere, apustua jokatu eta hiru hilabeteren buruan egin baitzuen marka, eta Irigoienek ere gauza bera egingo du, pasa den urriaren hasieran jokatu baitzuen apustua, eta orduan Izeta IV.aren aurka jokatu zuen Aimarrek, neurketa irabaziz.

Ikusmin handia piztu duen saioa da, Aimar Irigoien beti izan baita jende asko erakarri izan duen kirolaria eta Izarraitzeko harmailek sarrera bikaina izatea espero da.

Gainera, Aimar ikustera doanak gauza gehiago ere ikusi ahal izango ditu. Aizkoran Joxemari Olasagasti eta Mikel Larrañaga neurtuko dira, oso belaunaldi ezberdinetako aizkolariak, baina biak ere modan daudenak. Batek 56 urte, besteak 25, mende laurden bateko aldea duten bi aizkolari, baina jendeak ikusi nahi dituenak. Harri-jasotzen Goenatxo eta Idoia Etxeberria ere arituko dira. Sarrerak 20 euroren truke egongo dira, eta Azpeitian jai egun handia izaten dela kontuan hartuta, jende asko izango da kalean ibili aurretik pilotalekutik itzulia egingo duena ere.

Euskal Herriko Txapelketa

18.00etatik aurrera jokatuko da gaur Asteasun Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Izen garrantzitsu asko faltako dira, Irigoien edo Ostolatza, esaterako, ez baitira bertan izango.

Eizmendi, Galarraga eta Ugartemendia izango dira lanean arituko diren hiru harri-jasotzaileak. Bakoitzak 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125eko bola erabili beharko ditu. Bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiru minutuko txanda bana izango dute harri-jasotzaileek.

Faboritoak aipatzerakoan, Jokin Eizmendi agertzen da. Zarauztarra uda partean bikain ibili zen, eta pentsatzekoa da orain ere txapelketara gogoz agertuko dela. Ugartemendia eta Galarraga saiatuko dira ezustea ematen, baina eurek ere badakite lehen postu hori eskuratzea ez dela batere erraza izango. Izen garrantzitsuak falta diren arren, jendearen erantzun ona espero da, gazte mailako aizkorako finala jokatuko baita.

Abadiñoko taldeak aurreneko agerraldia egingo du

Bizkaiko sokatira txapelketa jokatuko da gaur, 17.00etan, Gatikako pilotalekuan, eta bertan Abadiñoko taldea aurtengo denboraldian aurreneko aldiz ikusteko aukera izango da, Euskal Herriko laukoan ez baita aritu.

Abadiño, gainera, bi talderekin agertuko da, eta eurak izango dira txapela irabazteko faborito nagusiak. Halere, Gabonak pasa ostean hasiko da zortziko Euskal Herrikoa, eta ordurako zaleek ere ikusi nahi dituzte lanean.

Halere, Abadiño ez da bakarrik arituko, Gaztedi, Murueta eta Sokarrola ere arituko dira, eta saiatuko dira faboritoak mendean hartzen. Horietako batzuk Euskal Herriko laukoan arituta daude, eta agian berdeak baino ohituagoak daude aurten. Hala ere, faboritoak zeintzuk izango diren esateko garaian, denek Abadiño aukeratzen dute. J.L.

ASTEASU. Eizmendi, Galarraga eta Ugartemendia neurtuko dira gaur, 18.00etatik aurrera, Asteasuko pilotalekuan, Euskal Herriko Harri Handien txapela eskuratzeko asmoarekin.