Pablo Ruiz eta Alberto Urtasun Parbatiko mendietan esploratzen
Sokadak Indiako Himalaian oso ezezaguna den eskualde batean jardun du. Emaitza adierazgarriena Sharumga Dorrean (5.200 m) zabaldutako bide berria: «Mukti» (6c, 500 m). Bi egun behar izan zituzten, marra estetiko hori sortu ahal izateko.
Alberto Urtasun nafarrak badu lotura berezia Indiako Himalaiarekin. Dagoeneko hainbat espedizio egin ditu, baina, hori bai, beti esplorazioaren ukituarekin. Bere azken bidaiak ere izaera hori izan du. Nafarroako alpinistarekin Pablo Ruiz kantabriarra izan da, eta biek ala biek oso ezezaguna den Parbatiko mendietan jardun dute.
Nahiz eta hasierako «jolas-eremua» Sigrila izeneko eremuan zehaztuta zuten, Urtasunek adierazi digu eskualdez aldatu behar izan zutela: «Indiako Himalaian dauden mendiak Himalaia osoko ezezagunenak dira, eta horrek asko erakartzen gaitu. Esploratzea exijitzen duten ehunka mendi anonimo daude. Berez, ukitu gabe dagoen Sigrilako mendietara joan behar genuen, hango ipar hormetan alpinismoa egitera. Baina eguraldi makurra genuen eta, gainera, elur hauts piloa zegoen. Xedez aldatu, hego isurialde baten apustua egin eta Parbatiko mendizerrara abiatu ginen. Mendi horiek alpinismoa egiteko oso-oso egokiak dira. Arrokan eskalatzeko ere altxorrak badira, baina pareta horiek aurkitzea ez da batere erraza».
Parbatiko mendizerra Himachal Pradesh eskualdean dago, eta sokada horren lehen jarduera (azpimarragarriena ere bada) ezezagunak diren orratz batzuetan egin zuten. Hain zuzen ere, Sharumga Dorrean. Alpinista nafarrak aurreratu digunez, antza denez orratz horren lehen igoera izan da: «Orratzez osatutako multzo horretan tontor garaiena (5.200 m) zapaltzea lortu genuen. Bi eguneko jarduna behar izan genuen `Mukti' (Askatasuna) marra zabaldu ahal izateko. 500 metro luze da, eta zabaldutako 11 luzeetatik gogorrena 6c gradukoa da. Uste dugu oso estetikoa dela, eta bere ezaugarri nagusiak plakak eta artesiak dira. Alpeetan dagoen laranja koloreko granitoan eskalatu genuen, eta zailtasun handienak lehenbiziko 300 metroetan kokatuta daude».
«Pirinioetan bezala»
Eskalada horretarako, Ruiz eta Urtasun nahiko arin joan ziren: «Pirinioetako eskaladetan erabiltzen dugun tresneria erabili dugu Himalaiako mendi horietan. Horrek askatasun handia ematen digu, baina, jakin badakigu mugatuta eskalatzen dugula. Hots, emaitza asko aldatu daiteke. Baina hori da gure filosofia. Lehen saioan elurra izan genuen, eta paretatik jaitsi ginen. Bi egunera itzuli eta bidea bukatu genuen. Gailurra sinestezina da: orekan dagoen 10 metroko bloke erraldoi batera igo behar duzu. Sabelean kilimak izan genituen!».
Sharumga Dorrean «Mukti» bidea sortu ondoren, protagonistok hango paretetan beste bat zabaltzen saiatu ziren: «6c+ graduko zailtasunak zituen, baina elurte batek jaistera behartu gintuen. Handik bi egunera, beste ibar batera joan ginen, eta han Hanuman Tibba mendiaren (6.000 m) ipar ertza eskalatzen saiatu ginen. Zailtasuna duten mistoko sekzioak ditu, eta beste alpinista batzuk ere saiatu dira. Estilo alpinoan joan ginen. 5.000 metroko garaieran ginenean elur hauts asko topatu eta jaistea erabaki genuen».

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
