Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Olasagasti eta Rekondo, prest

Igeldoarrak eta leitzarrak bihar eguerdian, 12.00etan, Tolosako zezen-plazan neurtuko dituzte indarrak. Bakoitzak hogei kana-erdiko ebaki beharko ditu.

Joxemari Olasagasti eta Jon Rekondo neurtuko dira bihar eguerdian, 12.00etan, Tolosako zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak hogei kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta dirutan, berriz, 8.000 euro jokatzen ditu bakoitzak. Enborrak Rekondok plazaratu beharko ditu.

Bi aizkolariak gogoz eta prest agertu dira apustu honen aurrean. Freskotasuna eta eskarmentua izango dira aurrez aurre. Leitzarrak bere bizitzako bigarren apustua jokatuko du. Aurrekoa Otaegiren aurka izan zen, eta orduan galdu egin zuen. Olasagastik, aldiz, apustu asko jokatu ditu. Gaur egun aizkoran ari direnen artean gehien jokatu dituena izango da, eta atzera begira jarrita ere, ez dira asko izango berak bezainbeste jokatu dutenak. Aurten, esaterako, jadanik bi jokatu ditu, eta hirugarrena izango da biharkoa.

«Oso ongi ikusten dut neure burua. Agian aurreko bi apustuetan baino hobeto ere banagoela esango nuke. Euskal Herriko Txapelketan nabaritu nuen gorputza apur bat nekatuta, baina ordutik berriro ere gora egin dut, eta oso ongi ikusten naiz», esan zuen igeldoarrak.

Prestakuntza aldetik ere ez dagoela inongo misteriorik agertu zuen Joxemarik. «Gorputzari egurtu dezente ematen diot. Mendi buelta ugari egin ditut, eta eguraldi txarra bada, arratsaldetan ere soka saltoan ikaragarri ibili naiz. Astean bitan, berriz, enborrak mozten ditut. Prestakuntza ona eraman dudalakoan nago», aitortu zuen.

Enborrak Rekondok plazaratu behar izateak, berriz, ez du asko kezkatzen. «Jendeak askotan esan dit ea nolatan utzi diodan denak berari eramaten, baina horrek ez nau batere kezkatzen. Askoren ustez oso errazak ekarriko omen ditu, baina hemen plazara eramandako enborrak denek ebaki behar izaten ditugu, ez batek bakarrik, eta nik ere zenbat eta errazagoak eraman, azkarrago eta errazago moztuko ditut», esan zuen.

Bere buruarekin ere erabateko konfiantza agertu zuen. «Nik neure burua ongi ikusten dut, lehen esan bezala, eta irabaziko dudalakoan nago», onartu zuen. Aurtengo beste bi apustuak ere irabazi egin zituen Joxemari Olasagastik. Aurrena Arria V.a menderatu zuen, eta ondoren, berriz, gauza bera egin zuen Jon Irazurekin ere.

Bigarren neurketa

Jon Rekondorentzat bigarren apustua izango da, eta aurrekoarekin zerikusirik ez izatea espero du leitzarrak. Orduan galdu egin zuen Otaegirekin, baina oraingoan bi eskuak berak altxatzea espero du.

Enborrak berak eramango ditu, eta onak eraman behar dituela iragarri du. Nerbioak izan daitezke bere aurkaririk handiena. Izan ere, aizkolari urduria da Rekondo, eta nerbioen erasoa jasaten duenean jota geratzen da. Hori gainditzea espero du oraingoan, azkeneko txapelketetan lasaitasun handiagoa agertu baitu, baina baita ere, beti esaten da, apustuek badutela gainerako lehiaketek ez duten beste zerbait ere.

Urte ona bete du aizkolari nafarrak, eta Tolosako zezen-plazan denboraldia biribildu nahi du. Ongi dagoela iragarri du berak ere, eta jokatzeko ilusio handiarekin agertzen da. Jendea ere eurak lanean ikusteko gogoarekin agertzen da.

Dirua

Tolosako zezen-plazan jokatuko den norgehiagokarako, aizkolari bakoitzak 8.000 euro jarri ditu dirutan, eta garaipena lortzen duenak, 16.000 jaso ahal izango ditu.

Arriak irabazleari jokatzeko gogoa agertu du

Arria V.ak irabazleari jokatzeko gogoa agertu zuen. Errezildarrak 20 kana-erdiko ebakitzeko lana oso gustukoa omen du, eta bihar garaipena lortzen duenari desafioa bota nahi dio, hemendik hiru hilabete ingurura jokatzeko. Apustua amaitutakoan jarriko omen du lekua.

Eguraldi oso txarra iragarri dute bihar eguerdirako

Bihar eguerdirako oso eguraldi txarra iragarri dute, eta hori izan daiteke bi aizkolariek izan dezaketen aurkaririk gogorrena. Beraientzat estalpea jarriko dute, baina esaten duten bezain txarra bada aroa, jende askok atzera egin lezake, eta harmailak hutsagoak agertu daitezke.

Apustuek gero eta indar handiagoa dute

Garbi dago apustuek indar handia hartu dutela. Orain dela hamarkada batzuk zutena ez dute oraindik, baina ia apusturik ez egitetik, urtetik urtera gehiago egitera pasa da. Aurtengo seigarren handia izango da biharkoa, eta jendeak erantzun bikaina eman izan du beti.

Otsagabian abiatuko da Bigarren Mailakoa

Binakako Urrezko Aizkoran, Bigarren Mailako Txapelketa jarriko da abian gaur Otsagabian, bertako pilotalekuan 12.00etatik aurrera jokatuko baita aurtengo txapelketako aurreneko neurketa, eta bertan hiru bikote lehiatuko dira.

Daniel eta Iker Vicente, Juanjo Erdozia eta Goizeder Beltza eta Asier Pellejero eta Jexuxmari Telletxea izango dira lanean arituko diren hiru bikoteak. Faboritoak, dudarik gabe, Daniel eta Iker Vicente izango dira. Herrian arituko dira bi aizkolari hauek, eta eurak mendean hartzea oso zaila izango da.

Gainera, Iker Vicente sasoi betean agertzen da. 17 urte besterik ez ditu, baina txapela kentzeko denboraldia egin du, eta etorkizunari begira jarrita, aurreneko lerroan agertzen da. Hilabete eta erdian, Nafarroako Bigarren Mailakoa, Euskal Herriko Hirugarren Mailakoa, eta Euskal Herriko Gazte Mailakoa irabazi ditu, hau da, izen handiko hiru lehiaketa ofizial eraman ditu.