Rikardo Arregi
DEIA, 2015/1/7
HEMEROTEKA

Beldurra

Onik aterako al da Europa 2015eko hauteskundeetatik? Horixe zen gutxi gorabehera egunkari ingeles batek pasa den astean zekarren artikulu baten izenburua. Izan ere, hurrengo hilabeteetan hauteskundeak leku askotan izango dira (Erresuma Batua, Grezia, Finlandia, Espainia, Portugal, Danimarka, Estonia) eta Europako etorkizuna (edo etorkizun eza) jokoan dagoela dirudi. Greziakoak datoz lehendabizi eta Syriza alderdiaren balizko garaipenak merkatuen (Lagarde andre beti beltzaranaren, besteak beste) eta alemaniarren (Merkel andrearen zein sozialdemokraten) urduriak eta haserreak piztu ditu berehala; demokraziaren hatsarriak ahantziz kontuz ibiltzeko esan diete greziarrei, gauza bat dela hauteskundeetan botoa ematea eta beste bat ezkerreko ziztrin horiei botoa ematea, euroa kenduko dietela eta abar. (...)

Syrizak pizten duen beldurra ez dute beste alderdi batzuek pizten: Frantziako Front National eskuin muturrekoa, adibidez, edo Erresuma Batuko UKIP xenofobo eta eurofoboa Alpeetako Heidi muxugorri hura bezain kaltegabe eta xaloak dira, antza, merkatuen jabeentzat. Baina Erresuma Batuan hauteskundeak dituzte maiatzean eta David Cameron lehen ministro kontserbadoreak, eurofoboak limurtu nahian, agindu du 2017 baino lehenago erreferenduma egingo dutela jakiteko Europako Batasunean segitzen duten edo ez, eta edozein kasutan Batasunarekiko itunak (atzerritar horiek guztiak hemendik) berraztertu egin behar direla. Erreferendum horrek ere ez ditu piztu beste erreferendum edo galdeketek (Eskozia, Katalunia) piztu dituzten kezkak, urduriak eta beldurrak.

Badakit askok pentsatzen dutela amodioa dela mundua mugiarazten duena, baina Historiak eta egunerokoak argi uzten digu beldurra dela askoz emozio eraginkorragoa. Nor dagoen beldurtuagoa da gakoa. Zordunak ala hartzekodunak. Merkatuak ala jendea.