Gure Esku Dago danborzaleen ametsak ehuntzen hasi da Donostian
«Jende zoriontsua, herri libre batean» kantatuz egun bat aurreratu zuten jaia atzo Donostian. Eta borondateak eta ametsak biltzen hasi ziren, ehuntzen... baita betetzen ere. Entseatu gabe ausartu ziren auzo guztietako danborzaleak Gure Esku Dagoren kanta jotzen, eta saioa ederki atera zen. Batzuek makilak astintzen zituzten bitartean, besteak eskutik oratuta dantzatu ziren. Ekitaldiak segida izanen du; pixkanaka abestia danborradan txertatzea da asmoa.

Gure Esku Dago ekimenak borondateak ehuntzen segitzen du, puntadaz puntada, hurbiltzen ari den ekainaren 20ko data ortzi mugan. Ordurako hautetsontzi erraldoiak eraiki nahi ditu ahalik eta herritar gehienen elkarlanarekin, eta kaxak forratuko dituzten oihalak auzolanaren metafora izanen dira.
Dagoeneko hasi dira oihal batzuk josten; adierazgarria izan zen, adibidez, Kirmen Uribe, Gemma Zabaleta eta beste «jostun» batzuek azaroan Irungo Ficoban egindako ekitaldia. Orain, danborrariek ere bat egin dute.
Jakina da Donostian danbor hotsak ez direla San Sebastian egunera eta bezperara mugatzen, danborrada hiritarren biltoki naturaletako bat da eta bertan parte hartzea da Gure Esku Dagoren asmoa. Erabakia danbor eta upel kolpez ere ehuntzeko. Eta, atzoko erantzuna ikusita, musika ederra sortuko dela aurreikus daiteke.
Kide batek GARAri azaldu zionez, Donostian auzo bakoitzean Gure Esku Dagoren batzorde bat dago, eta guztiak koordinatzen dira hiri mailako talde batean. Danborradaren inguruan zerbait antolatzea bururatu zitzaien eta auzoka banatu zuten lana. Danborradekin harremanetan jarri eta gonbidapena luzatu diete lagun guztiei, ez konpainiaren izenean baizik eta norbanako gisa atxikimendua emateko. Azpeitian era ofizialean, Udalaren onarpenarekin, danborzale guztiek joko dute San Sebastian egunez Gure Esku Dagoren kanta. Pixkanaka-pixkanaka abestia jaian txertatu nahi dute Donostian ere.
Entseatzeko betarik izan gabe egin zuten estreinaldia atzo Konstituzio plazan, eta datorren urtean ekimenarekin segituko dutela iragarri zuten.
Elkarrekin, helburu handiak
11.30ean urketari, sukaldari eta soldaduek «San Sebastian martxa» jotzeari ekin zioten, jendea ikustera eta argazkiak ateratzera hurbiltzen zen bitartean. Baina, kasu honetan, unerik bereziena ez zuten Sarriegiren doinuek ekarri, hainbat musikarik elkarrekin kantatzen duten Gure Esku Dagoren notek baizik.
Aurrena abestia jarri zuten doinua hartzeko eta deigarria eta pozgarria izan zen antolatzaileentzat zein agudo hasi ziren denak makilei eragiten eta zein gustura ibili ziren, kanta nola jotzen zen ez jakinda ere.
Hotzari eta haizeari aurre egiteko modurik onena dantzatzea eta erritmoa jarraitzea zen, «Gure esku dago!» oihukatzea, edo, lagun batzuek egin zuten bezala, joan den ekainaren 8a oroituz eta kantuak dioenari segituz, elkarri eskuak oratuta kalejiran ibiltzea. Momentu bereziak eta ederrak sortu ziren. Ametsak josten hasteko gogoa sumatzen zen.
Aitzinean umeak kokatu ziren, «Nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da» pankartari eusten. Eta, hauen ondoan, ekimenaren ordezkariek hartu zuten hitza, elkarrekin helburu handiak lor daitezkeela nabarmentzeko eta danborzaleei Gure Esku Dagoren «tutore» izateko deialdia egiteko. Horien zeregina ehuna josiko duten hogei lagun topatzea da. Hautetsontziak forratuko dituzten oihalak hogei zatitan banatuta daude; bakoitzak euro bat balio du eta gainean idatzi edo margotu daiteke norberaren ametsa.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
